Berasaluze IX.a eta Arretxe II.a dira EPELen Lau t’erdiko Txapelketaren berritasunak; Belokik ez du jokatuko
IMANOL MAGRO / Berria
Belaunaldi berriak indarrez sartu dira pilota munduan. Enpresek gazte ugariri eman diete profesionaletan aritzeko aukera azken bi urteetan, eta olatu gaztearen eragina txapelketetan sumatzen hasia da. Enpresen ligak atzo aurkeztu zuen aurtengo Lau t’erdiko Txapelketa, eta berrikuntza nagusiak, atariko partiden faltan, bi gazteren aurreneko parte-hartzea da. Aspek eta Asegarcek Asier Berasaluzeri eta Iker Arretxeri lau t’erdian aritzeko aukera eman diete. Gazteak sartzeko, baina, beteranoek lekua utzi beharra dute, eta Asegarcek Ruben Beloki kanpoan uztea erabaki du arrazoi teknikoengatik.