Sorhuet-Ozafrain izan dira onenak Armendaritzen

Gara
Sorhuet eta Ozafrain izan dira Armendaritzeko Torneoko txapeldunak, finalean 40 eta 35 irabazi baitzieten Ibarrola-Kurutxariri, ia bi oren pilotan aritu ostean. Jendeak ere ederki erantzun zuen, Armendaritzeko harmailak gainezka egon baitziren.

Partida ederra eskaini zuten lau pilotariek. Hasieran, Ibarrolak eta Kurutxarik hartu zuten abantaila. Atzelariak lan ederra egin zuen, pilota oso onak uzten zizkion Ibarrolari, eta hark ederki aprobetxatzen zituen kintzeak egiteko.

Sorhuet eta Ibarrola jokoan sartzen hasi zirenean, ordea, partida ere aldatzen hasi zen. Aurrelaria sakearekin asmatzen hasi zen, eta atzean Ozafrain, bere maisutasunarekin, min dezente egiten hasi zen. Partidari buelta ematea lortu zuten, eta aurretik jarri ziren, baina inoiz ez zuten alde handiegirik lortu, eta amaierara bitarte sufritu behar izan zuten garaipena lortu ahal izateko.

Sorhuetek bederatzi kintze egin zituen botetik, eta falta bat ere egin zuen. Partidaren gakoa, ordea, hortxe egon zen, Ibarrolak ez baitzuen asmatu hasierako jokaldiarekin. Sei bakarrik egin zituen, eta amaieran ederki nabaritu zen hori.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE