XV. BERRIA TXAPELKETA

Hamabosgarren urtez jarraian guztia prest dago Berria Txapelketari ekiteko, eta igande honetan bi kanporaketa jokatuko dira, hurrenez hurren, Hernanin eta Andoainen.

 

HERNANIN, 11:00etan. DANOK LAGUNAK / AZKOITIA

Kadeteak : Aragones – Perez / Olaskoaga – Astigarraga

Gazteak : Cortazar – Vega / Oteiza – Uranga

Nagusiak : Lopez Aldai – Lopez / Juaristi – Juaristi

 

Berria Txapelketari hasiera emango dion kanporaketa orekatua aurreikus daiteke. Kadeteen mailan, Ortuellako zein Azkoitiako bikoteak ez dira punta puntakoak; beraz, gisa honetako partidak jokatzen ez daude ohituta. Urduritasunari hobeto eutsi eta berea ematea lortzen duenak asko izango du irabazita.

Gazte mailan, bi pilota elkarteek dauzkate oso pilotari interesgarriak. Azkoitiako Oteizak eta Urangak Udaberri txapelketa irabazi berri dute, eta konfiantzaz gainezka egongo dira. Halere, dena ondo egin beharko dute Cortazar eta Vega gainditzeko. Oso bikote langilea osatzen dute bizkaitarrek.

Nagusietan, azkenik, bi bikote ezberdinek neurtuko dituzte indarrak. Gazteak dira Juaristi eta Juaristi azkoitiarrak, eta sasoia ipiniko dute kantxa barruan. Haiek ere Udaberri torneoa irabazi berri daude, eta saiatuko dira bide berari eusten. Ordea, esperientzia handiko bikotea gainditu beharko dute: Lopez Aldai eta Lopez. Beteranoak izan arren, ofizioa aski ongi ikasitako bi pilotari dira, eta lana gogor egin beharra dago haiei irabazteko. Baliteke partida honek erabakitzea kanporaketa.

ANDOAINEN, 16:30etan. TXUKUN LAKUA / ZUGARRALDE

Kadeteak : Diaz de Gereñu – Larrieta / Perez – Itoiz

Gazteak : Otxoa – Markaida / Villanueva – Lerga

Nagusiak : Uribe – Perez / Mugiro – Alduntzin

 

Hernanitik Andoainerako bidea hartuko du txapelketak igande arratsaldean, eta Gasteizko Txukun Lakua eta Burlatako Zugarralde ariko dira nor baino nor gehiago. Burlatarrak lan bikaina eginak dira txapelketa honetan, baina azken urteetan lehortean sartuta daude. Halakoak saihesten ahaleginduko dira nafarrak gasteiztarren aurka, baina aurreikuspenen arabera, baliteke arabarrak faborito izatea.

Kadeteen mailan lau pilotari berdintsu lehiatuko dira. Hauek ere ez daude ohituta goi mailako partidak jokatzen, eta urduritasunak aginduko du. Akaso, Itoiz Zugarraldeko atzelariaren joa erabakigarri gerta daiteke.

Alderantzikoa gertatuko da gazte mailan. Otxoa eta Markaida Txukun Lakuakoak Euskal Herriko txapelketan lehiatu dira, eta badakite zer den erritmo altuan jokatzea. Abantaila izan dezakete Villanueva eta Lerga gainditzeko.

Eta, nagusietan, bi bikote indartsuk ikusiko dute elkar. Bi aurrelariak errematean onak dira, baina ezberdinak. Uribek indar gehiago du ezker eskuan, eta Mugiro defentsa hobeagokoa da. Atzeko koadroetan, berriz, Perez eta Alduntzin ariko dira. Urte gehiago daramatza goi mailan Perezek, eta esperientzia baliatuko du kantxan, baina Alduntzinek ere gora egin du nabarmen azken urtean. Hortaz, azken partidan maila onik ez da faltako, eta baliteke erabakigarria izatea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE