FINAL-ZORTZIRENAK, HASTEKO PREST

Lehen fasea igarota, asteburu honetan hasiko dira XV. Berria Txapelketako final-zortzirenak, eta bi talde indartsu sartuko dira lehian: Azpeitiko Ilunpe eta Doneztebeko Erreka. Besteak beste, Ortuellako Danok Lagunak taldearen aurka ariko dira azpeitiarrak, eta Gasteizko Txukun Lakuakoen kontra doneztebearrak.

Ostiralean jokatuko da lehen kanporaketa, Ortuellan bertan, 19:00etatik aurrera. Etxekoek aldeko izango dute jarraitzaileen laguntza, baina azpeitiarrak oso faborito aterako dira, txapelketa bera irabazteko aukera ugari baitute. Hiru bikote indartsu dituzte.

ILUNPE – DANOK LAGUNAK

Kadeteak : Alberdi II.a – Labaka / Aragones – Perez

Gazteak : Iriarte – Egiguren / Cortazar – Vega

Nagusiak : Alberdi – Murgiondo / Lopez Aldai – Lopez

Kadeteetan oso faborito aterako dira Alberdi II.a eta Labaka azpeitiarrak. Egungo Euskal Herriko txapeldunak dira, eta Aragones eta Perez bizkaitarrak maila polita duten arren, ez da ezustekorik espero. Alberdi II.ak erabaki dezake lehia, aurreko koadroetan ausarta eta teknika handikoa baita. Enpresa handiek begiz joa dute jada.

Gazte mailan ere faborito izango da Ilunpe, baina posibleago ikusten da ezusteren bat egotea. Goi mailako pilotariak dira Iriarte eta Egiguren, azken hori batez ere, baina Iriarte lesio luze batetik atera berri denez, oraindik baliteke konfiantzaz baxu egotea. Gainera, Cortazar eta Vega ortuellarrek maila ona eman zuten lehen kanporaketan.

Eta, azkenik, nagusien partidak itxiko du jaialdia, ziurrenik neurketa orekatuenak. Alberdi azpeitiarra Asegarceren baitan ari da entrenatzen, eta Murgiondorekin oso bikote sendoa osatzen du. Hori bai, Lopez Aldai eta Lopezek ez diete ezer oparituko, eta lana egin beharko du irabazi nahi duenak.

———————————————————————————————————-

 

Asteburuko bigarren jaialdia ere Bizkaian jokatuko da. Hain zuzen, Galdakaon neurtuko dituzte indarrak Doneztebeko Errekak eta Gasteizko Txukun Lakuak, 10:15etatik aurrera. Kanporaketa orekatua espero da, eta baliteke balio handia izatea lehen bi partidek.

 

ERREKA – TXULUN LAKUA

Kadeteak : Berakoetxea – Loiarte / Diaz de Gereñu – Larrieta

Gazteak : Telletxea – Agirre / Otxoa – Markaida

Nagusiak : Barandiaran – Aldabe / Iribarren – Ramos

 

Kadeteetan partida orekatua eta gogorra espero da. Lau pilotariek antzeko maila dute, baina partida hausteko arriskua saketik etorriko da. Bestea beste, Diaz de Gereñu arabar aurrelariak sakearekin asmatzen badu lehen puntuak Gasteizerako bidea har dezake.

Gazte mailan ere oreka espero da. Errekak Telletxea izango du aurreko koadroetan, maila oneko partidetan esperientzia askokoa, baina horixe bera falta zaio bere lagunari, Agirreri. Otxoa eta Markaida arabarrek, aldiz, bikote sendoa osatzen dute, beti beraiena ematen dutena, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den.

Nagusietan Erreka faborito aterako da, Barandiaran pilotari bizia delako aurrean eta Aldabek gero eta maila hobea daukalako atzeko koadroetan. Garfe enpresarik dihardu azken urtebetean. Iribarren eta Ramos Txukun Lakuakoak saiatuko dira ezustea ematen, baina aurrelaria lesio batetik irten berri da eta baliteke hori nabaritzea.

 

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE