Lehen sorpresa Zeanurik eman du; Tolosak ez du halakorik onartu

Tolosa

Orain arte inolako ustekaberik gabe zihoan XV. Berria Txapelketa, baina pasa den asteburuak utzi zuen lehenengo sorpresa, eta ez txikia. Besteak beste, lehen bi partidetan erakustaldia eman eta Zeanuriko Joko Alai elkarteak irabazi egin baitzion Hernani multzo buruari. Txapelketa honetan lehen parte hartzea izan arren, maila bikainean ari da Bizkaiko taldea, eta ondo merezita izango da final-laurdenetan. Hain zuzen, Tolosaren aurka neurtu beharko ditu indarrak, gipuzkoarrek nagusitasun osoz gainditu baitzuten Ultzamako taldea.

 

TOLOSA 3-0 ULTZAMA

Ultzama

Larunbat arratsaldez Tolosan bertan jaso zuen etxeko taldeak Ultzamaren bisita, eta kanporaketak ez zuen kolorerik izan. Kadeteen arteko partidako lehen tantoak soilik izan ziren orekatuak. Altuna eta Ugartemendia gipuzkoarrak lasai kantxaratu ziren, eta hori baliatu zuten Lopez de Zubiria eta Elizondok pultsuari bere horretan eusteko. Dena den, saskitik pilota biziago bat ateratzean, min handia egin zuen Altunak sakearekin, eta 22-8 nagusitu zen Tolosako taldea.

Are errazago irabazi zuen bigarren partida etxeko taldeak. Goikoetxea eta Etxeberriak oso serio jokatu zuten hasi eta buka, eta ez zieten ezertarako aukerarik eman Diez de Ultzurrun eta Arceri (22-3). Etxeberriaren joak zeresana piztu zuen pilotazaleen artean. Gauzak hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta tentsio falta nabaritu zitzaien lau pilotariei. Hori bai, jaialdiko partida politena haiek eskaini zuten. Labaka eta Telletxea gipuzkoarrak distiratsuago egon ziren, eta 22-13 menderatu zituzten Iriarte eta Sarasa. Azken hori ohiko mailatik urrun aritu zen.

 

Joko Alai

HERNANI 1-2 JOKO ALAI

Larunbatez ez, baina igandez ezustea gertatu zen Hernaniko Udal pilotalekuan, etxeko taldeak amore eman behar izan baitzuen Zeanuriko Joko Alairen aurrean. Lehen kanporaketan egin bezala, maila bikaina erakutsi zuten bizkaitarrek, eta bistan utzi etorkizunean zeresana emango duten pilotariak dituztela. Haietako bat, Erkiaga II.a, kadete aurrelaria. Emaldi bikote hartuta, erritmo bizian ibili zuen pilota ezker eskuin, eta alde handiegia egon zen bi bikoteen artean. Uitzi eta Oiartzabal hernaniarrak ahalegindu ziren aurpegia ematen, baina oso aise nagusitu zen Joko Alaiko bikotea: 22-8. Erkiaga II.a kontuan hartzeko izena izango da aurrerantzean.

Hernani

Gogorra eta orekatua izan zen gazteen arteko neurketa, bukaerara arte, behintzat. Erkiaga I.a indartsu hasi zen atzeko koadroetan, eta Urigoitiaren sendotasunak lagunduta, 15-4 aurreratu ziren bizkaitarrak. Pilotakada askokoak joan ziren tanto guztiak, baina Hernanik ez zuen zorte handiegirik izan. Partida ia amaituta zegoela zirudienean, ordea, buelta hartu zuen lehiak. Salaberria gehiago sartu zen jokoan, eta Intxausti ere bere onera etorri zen. Horri gehituz gero bizkaitarrek opari batzuk egin zituztela, 16-14 jarri zen norgehiagoka. Gipuzkoarrek puntua beharrezkoa zuten bizirik irauteko, baina presioari ezin izan zioten aurre egin. Amaieran hobeto jokatuta, 22-14 irabazi zuen Joko Alaik.

Hala, deus jokoan ez zutela jokatu zuten azken partida Ojuel eta Azpitarte hernaniarrek eta Mendia eta Beobide bizkaitarrek. Erdira arteko orekatua izan zen lehia (11-9), baina handik aurrera Ojuelek beste abiadura batean jokatu zuen eta ohorezko puntua eskuratu zuten etxekoek (22-11).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE