Hiru urte dira debuta egin zuela, eta igandean buruz buruko hirugarren finala jokatuko du. Denbora gutxian pilota mundua hankaz gora jarri du eta adituek faboritotzat jotzen dute. Berak, ordea, txapela Olaizolaren buruan dagoela dio.
Donostiako Atanon entrenamendu saio gogorra egin berri du Juan Martinez Irujok (Ibero, 1981). «Leher eginda nago», bota dio kazetariari, arnasa sakon hartu eta harmailako lehen ilarako egurreko jesarlekuan eseri aurretik. Iaz txapeldunorde izan ostean, gogotik dabil lanean, igandean berriz ere txapela jantzi nahi duelako. Diruak, zaleek, sasoiak… Denek bera jotzen dute faborito, baina horrek ez du arduratzen, txapelketa hasi zenetik iritzi berekoa baita: «Aimar da txapelduna; beraz, bera da faboritoa».
Buruz buruko hirugarren finala duzu; urduritasunak ba al du lekurik?
Kantxara irten arte urduritasunari ez zaio neurria hartzen. Oso lasai egonda ere, kirioek ez dizute atsedenik ematen, baina, tira, oraingoz ondo sentitzen naiz eta hala jarraitzea espero dut.