Ezagun ditu jada Euskal Herriko lau pilota elkarte onenak XV. Berria Txapelketak. Joan den astean Azpeitiko Ilunpek eta Tolosak lortu bazuten finalerdietarako sailkapena, pasa den asteburuan Iruñeko Oberenak eta Lazkaoko Lapke-k eskuratu dute helburu bera. Nafarrek ondo sufrituta kanporatu zuten Amurrio igande goizez, eta ordu berean errazago hartu zuten mendean lazkaotarrek Usurbilgo Pagazpe. Hortaz, datorren asteburuan erabakiko da nortzuk ariko diren aurtengo finalean. Maila handiko bi finalerdi jokatuko dira, igandean: Ilunpe-Tolosa eta Oberena-Lapke.
OBERENA 2-1 AMURRIO
Oreka handiko kanporaketa espero zen Oberenaren eta Amurrioren artean, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin, izerdia erruz botata eta ondo sufrituta irabazi baitzuen Nafarroako taldeak. Besteak beste, jaialdiko lehen puntuak Amurriorako bidea hartu zuen. Igoa eta Laso aritu ziren Oberena ordezkatuz, eta Larrazabal eta Jimenez Amurrioren izenean. Lehia polita espero zen bi aurrelarien artean, eta haien kalitateari esker, partidak hasiera ona izan zuen (6-8). Hortik aurrera, eskua mindu zitzaion Igoari, baina batez ere Larrazabalen erakustaldiak sortu zuen zeresana. Bi errebote jo zituen, errematean ere tanto apartak lortu zituen, eta 22-13 irabazi zuten arabarrek.
Bigarren partida izan zen jaialdiko onena. Lan erdiak arte, gogortasuna nagusitu zen kantxan (11-11), eta inork ez zuen lortu beste bikoteari gain hartzea. Hortik aurrera, Alava eta Gonzalez arabarrak nekatu egin ziren, eta ohiko sendotasuna azaldu zuten Mata eta Ganboa nafarrek. Batez ere Matak maisuki jokatu zuen, eta bigarren zatian eginiko lan onari esker, puntuak Iruñerako bidea hartu zuen (22-13).
Gauzak hala, nagusien lehiak erabakiko zukeen kanporaketa. Canabal eta Cordon aritu ziren Oberenaren izenean, eta Gerrero eta Legarreta Amurriorenean. Aurreko bi partidetan bezala, orekaz beteta joan ziren lehen tantoak, eta 8na eta 11na egon ziren bi bikoteak. Arabarren joa sendotasunarekin berdindu zuten nafarrek. Gerora, urduritasuna agertu zitzaien Amurriokoei, eta kantxan egoten jakitea aski izan zuten Canabal eta Cordonek partida eta kanporaketa irabazteko (22-13).
LAPKE 2-1 PAGAZPE
Askoz errazago lortu zuen finalerdietarako sailkapena Lazkaoko Lapke-k, Usurbilgo Pagazperen aurrean. Izan ere, lehen bi partidak oso erraz irabazita batere sufritu beharrik ez zuten izan goierritarrek. Besteak beste, kadete mailan 22-4 nagusitu ziren Goikoetxea anaiak Albeniz eta Lasaren aurka. Lehen tantoan nahikoa estu joan ziren, baina etxekoen alderako izan ziren gehienak. Horrek etsipena ekarri zien usurbildarrei, eta haien gainbehera baliatu zuten Goikoetxeatarrek.
Bide bera hartu zuen gazte mailako partidak ere. Ikusteko zegoen Pagazpek Aranguren kantxaratuko ote zuen. Asegarcerekin debuta laster egingo duela eta, arriskurik ez hartzea nahiago izan zuten klubeko teknikariek, eta haren hutsunea baliatuta, lazkaotarrek ez zuten barkatu. Euskal Herriko txapeldunordeak dira maila horretan, eta Ruiz de Larramendik eta Baztarrikak 22-3 menderatu zituzten Albeniz eta Iruretagoiena.
Dena erabakita egon arren, azken partidan ohorezko puntua eman zioten Pagazperi Expositok eta Gorrotxategik, Intxausti eta Arratibelen aurrean (22-10). Aspek begiz joa duen pilotaria da Exposito, eta erakutsi zuen zergatik. Bizi eta inspirazioz jokatu zuen, beti ere Gorrotxategik ondo lagunduta.