Gaurtik etzira arte zortzi bikotek kiniela erako Munduko Zesta Punta Txapelketa jokatuko dute Pauen
Nazioarteko Federazioak Paueko (Okzitania) pilotalekuko jabeen neurrira eginiko Munduko Txapelketa antolatu du. Gaurtik larunbatera arte, zortzi bikotek kiniela erako Munduko Txapelketa jokatuko dute Biarnoko hiriburuan. Paueko pilotalekua martxoan ireki zuten, kiniela erako zesta-punta jaialdiak antolatzeko asmoz, eta Munduko Txapelketa pilotaleku ireki berriak ezagutzera emateko behar zuen amua da. Dena den, eta enkarguzko munduko txapelketa bada ere, ezin ukatu antolatzaileek puntako pilotariak elkartu izana. Udako txapelketa arruntetan nekez ikusiko dira izar horiek guztiak batera jokatzen.