«Aurtengo buruz burukoan urrun iritsi naitekeela uste dut» Beloki

Lau aldiz irabazi du banakakoa eta aurten gogotsu ekingo dio bere txapelketa kuttunari; buru-belarri prestatu duela dio, eta faborito gazteagoei ezusteren bat eman diezaiekeela.

IMANOL MAGRO / Berria

Beti da gustagarria Ruben Belokirekin pilotaz mintzatzea (Burlata, 1974), Beotibarreko aldagelan zalaparta izugarria egonda ere. Txapeldun ohiak takoak jantziz egin du elkarrizketa berriarekin, alboan bere anaia Alberto, Juan Mari Juaristi eta Juantxo Koka ozen ari dira eztabaidan. Burlatako Zugarralde taldearen lorpenek solasaldia pilota gaietan murgildu dute.

Astelehenean ekingo diozu txapelketari, nola ikusten duzu zure burua?

Ondo, orain arte bikoteka ondo aritu naiz, buruz burukoa, ordea, beste kirol bat da. Entrenamenduetan txukun aritu naiz eta buruz burukoan zerbait garrantzitsua lortzeko gogoz nago.

Eginiko prestaketarekin gustura al zaude?

Gauza jakina da txapelketa hau bereziki prestatzen duzula.
Txapelketa garrantzitsuena da, nire jokora hobekien egokitzen dena eta gehien maite dudana. Lau txapel ditut eta niretzat buruz buru aritzea da politena, eta era berean gogor eta zailena. Buru-belarri prestatu dut, gogoz, eta hasteko irrikan nago.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE