Kadeteek lorturiko tanto aldeari esker irabazi du Burlatako taldeak III. BERRIA txapelketako finala
Berria
Burlatako Zugarralde taldeak irabazi du III. Berria txapelketa. Igande goizean jokatu zuten finala, Hernanin, eta Zugarraldek Doneztebeko Erreka taldeari irabazi zion. Errekak jaialdiko azken bi partidak irabazi zituen arren, Zugarraldeko kadeteek lorturiko tanto aldea erabakigarria suertatu zen bukaeran.
ZUGARRALDE 50; ERREKA 46
Kadeteak: Ansotegi-Kortabarria 22; Bereau-Zelaieta 2.
Gazteak: Idoate-Soroa 9; Eskudero-Linzoain 22.
Nagusiak: Arraztoa-Landiribar 19; Urtasun-Eraso 22.
Burlatako kadeteak izan ziren Berria txapelketako finaleko heroiak. Jon Ansotegik eta Dabid Kortabarriak ondo baino hobeto egin zuten euren lana. Biek ondo zekiten finala irabazteko eurek tanto alde polita lortu behar zutela, beste bi partidetan Erreka zelako faboritoa. Ansotegik eta Kortabarriak ziztu bizian bukatu zuten euren partida (22-2). Errukirik gabe jardun ziren, tanto bakoitzaren garrantziaren jakitun. Jon Ansotegik erakustaldia eman zuen; aurrelari trebeak aho bete hortz utzi zituen Hernaniko pilotalekuan baturiko ikusleak. Biak euren lana ondo egin izanaren sentsazioarekin joan ziren aldageletara, final erdia erdi irabazita zegoelako susmoarekin. Jaialdiko azken bi partidak aldapa handia izan ziren Errekarentzat. Etengabeko nahia eta ezina. Gazte mailan Errekak bikote indartsuagoa zuen, eta pronostikoak bete zituzten (22-9). Eskuderok eta Linzoainek lehen partidako triskantza konpontzea zuten helburu, eta erdi bidean gelditu ziren. Gazte mailako partida inork uste baino orekatuago hasi zen (9-9). Partidako bigarren zatian, baina, Eskuderok eta batez ere Linzoianek Doneztebekoen itxaropenak indartu zituen. Partidako azken hamahiru tantoak errenkadan eginda berpiztu zuten finala. Txapelduna nor izango zen azken partidan erabakiko zen. Nagusi mailako partidan emozioa eta zirrara izan ziren nagusi (22-19). Zugarraldek hamasei tanto behar zituen finala irabazteko, eta Arraztoak eta Landiribarrek gorriak ikusi zituzten helburua lortzeko. Azken partida primerakoa izan zen, txapelak eta saria jokoan zeuden, eta laurek euren onena eman zuten. Nagusi mailakoa jaialdiko partida irekiena izan zen. Errekako taldean Gorka Urtasunek Altzugarai ordezkatu beharra zeukan, eta primeran aritu zen. Errekakoek itsu-itsuan jokatu zuten erasora, eta adoreak fruitu onak man zizkien. Doneztebeko bikotea 19-14 aurreratu zen. Urduritasuna laukotean nabari zen, bi taldeek esku-eskura zutelako txapela. Partidako tanto erabakigarrian, Imanol Landiribarrek ozta-ozta eraman zuen Urtasunek eginiko dejada, eta tantoa egin zuen txapa gainean. Ondoren hamaseigarrena egin zuten, lasaitasunaren tantoa, Zugarralderi txapela eman ziona.