Eguraldi makurrari pilotan ahalik eta hobekien jokatzen erantzun diete Abadiñoko bi pilotalekuetan, Zelaieta eta Matiena, Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren bigarren jardunaldian parte hartu duten 45 pilotariek. Kanpoan negu gorriko eguraldia zen arren, giro goxoa nagusitu da bi kantxetan eta gerturatutako pilotazaleek ikuskizun eder batez gozatu ahal izan dute.
Espero zen bezala, bigarren jardunaldi honek erakutsi du exijentzia maila gero eta handiagoa dela eta Gasteizen ez bezala, han bi onenak sailkatu ziren, jokatutako 15 triangular bakoitzeko lehenek baino ez dute aurrera egin. Pilotari bakoitzaren ahalegina oso da garrantzitsua, baina gaurko jardunaldi luzeko pilotaririk nabarmenduena Dimako Amaia Aldai izan da. Joko bikaina erakutsiz, Ainhoa Urien faboritoa –Binakakoan lehen mailako txapela jantzi zuen Vicariorekin– lehiaketatik kanpo utzi du. Baina, era berean, nabarmendu daiteke, 66 urterekin, Reyes Azkoitiak hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortu duela, ez ordea Daniela Vargas mexikarrak edo Andrea Capellanek, garai batean Aspeko pilotari profesionala izan zen Miguel Capellanen alabak.
Hurrengo kanporaketa datorren igandean, azaroak 4, izango da, Gordexolako pilotalekuan, goizeko 10.30etatik aurrera.