Aitortzak

Enekoitz Telleria / Berria
Aitortzen dut: ez naiz izan Irujo zalea. Kaleak edo baleak, zirtak edo zartak gustatu ez, eta haren korrikak eta presak, imintzioak eta zalapartak ulergaitzak egin izan zaizkit askotan. Itsututa aritzeko premia, ipurterre betierekoaren keria hori egotzi izan diot askotan, eta berezkoa duen horri patxada eta buru apur bat gehiagorekin askoz ere etekin handiagoa atera ziezaiokeela pentsatu. Kalterako zuela txikikeriengatik horrela sutzea, bat-batekoei ezin eustea edo beti jo eta hautsi behar batean ibiltzea. Igandean parez pare ikusi nuenak hankaz gora jarri ditu nire uste apurrak. Eta aitortzen dut: Irujoren zale egiten hasi naizelakoan nago. Joa eta indarra alde dituenak ez duela partiden irakurketa patxadazkoak zertan egiten hasi idatzi genuen finalaren bezperan, eta une hartan ihesbidea izan zena finalari buruz esandakoen artean egia bihurtu den arrazoi apurrenetakoa bihurtu da. Irujok ez baitu patxadarik behar, ez hausnarketarik, ez taktika, bilakaera eta joan-etorrien irakurketarik. Sakeari bolea, gantxoari sotamanoa, boleari dejada eta sotamanori gantxoa. Neurririk gabe eta araurik gabe. Unean unekoa eta burura etorritakoa. Inprobisazioa deitu diogu askotan, baina beste zerbait delakoan nago. Kaos neurtu antzeko bat, mugarik gabeko dohainak dituen pilotari batek soilik aurrera eraman dezakeen egitasmo berezi bat. Erokeria zoragarri bat.Aitortzen dut gehiago izan naizela Aimar zalea. Inoiz kantxa gainean ikusi dudan pilotaririk azkarrena iruditzen zaidalako eta ez naiz abiadurari buruz ari, norberaren dohainak horren ongi ezagutu, neurtu eta kontrarioarenak mugatzeko horren era sotilean erabiltzen ez dudalako besterik ikusi. Horregatik harritu ninduen finalean Aimarrek. Txarrerako harritu. Beste biderik ez eta Aimarren paperean beharrean Irujoren paperean noiz sartuko zain izan nintzelako, eta ez zelako sekula gertatu. Erantzukizunari ihesi bezala ez ote zen aritu daukat irudipena, ez ziola kontrarioari kontrarioaren arma berberekin erantzun (edo erantzuten ahalegindu), beste askotan egin duen bezala, ez zuela egin (edo ezin izan zuela egin). Ez dakit Ogetara iritsi aurretik izandako auto istripuak zeresanik izan zuen horretan, baina nago Irujoren jardunak izan zuela benetan zeresana horretan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE