Iruñazarretik finalera

IRUJOREKIN ETA EULATEREKIN EUSKALTEGIAN. Igandeko finalistek hiru urte daramatzate elkarrekin euskara ikasten Iruñeko Iruñazar euskaltegian. Ikastea pilotan aritzea baino zailagoa egiten zaien arren, ez dute ilusiorik galdu. Berriarekin aritu dira biak lehen aldiz euskara hutsean

IMANOL MAGRO  /  Berria

Juan Martinez Irujo eta Pedro Martinez Eulaterena, euskaltegiko lagunentzat Peio, milaka euskaldun berriren testigantza da. Egunero ordu pare bat ateratzen dituzte euskaltegiko itzalpean sartu eta euskara ikasten buru-belarri jarduteko. Aurrerapenak oso geldiro iristen direla ikusi arren, ez dira atsekabetzen. Lau egun astean, eta eta bi ordu eta erdi egunero, guztira hamar ordu astean AEK-k Iruñeko alde zaharrean duen euskaltegian sartuta. Biak, gainera, ikasle onak dira, eta ez dute piper askorik egiten, klaseko paretan duten asistentzia neurgailuak hala dio. «Astean hiru egunez etortzen gara gutxienez, begira bestela Top Ranking-ari» dio Pedrok, eta harro seinalatzen du sailkapena. %70en inguruan dabiltza, lau egunetik hirutan, «ez dago gaizki!» pentsatuko du irakasleren batek baino gehiagok.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE