«Txapelketa berriro hasiko balitz, ez nuke aldatuko prestaketa» Fernando Goñi

Azken bi urteetan txapeldun izan ostean, aurten lehen kanporaketan esan dio agur Binakakoari. Lesioek ez diotela gustura jokatzen uzten dio, eta kirolean porrot bakarra ez borrokatzea dela.

IMANOL MAGRO / Berria

Semea haurtzaindegian utzi ostean iritsi da Fernando Goñi (Zubiri, 1973) hitzordura. Argazkilariak bere lana egiten duen bitartean pilotazaleek estimu handia diotela agerian gelditu da; bi emakumek «aupa Goñi!» oihukatu diote. Berak, lotsatuta, eskerrak eman dizkie barrez. Pilotariak euskaraz gero eta hobeto egiten badu ere, elkarrizketa, tamalez, gaztelaniaz izan da.

Nola daramazu Binakakoaren azken txanpa telebistaz ikusi behar izateak?

Kirol profesionaletan une gozoak eta garratzak egoten dira, eta orain horiek egokitu zaizkit. Inbidia ematen dit, baina ez dugu merezi izan hor egotea. Gauzak diren bezala onartu behar dira.

Azken bi urteetan txapeldun izan ostean, aurten lehen kanporaketan geratu zara txapelketatik kanpo. Hausnarketarik egin al duzu?

Hausnarketa? Aurrez lorturiko txapelek aurrez ematen nien baino meritu handiagoa dutela ikasi dut. Aurten, aurreko urteetako txapelketetarako egin nuen prestaketa bera egin dut, eta lesiorik ez izatearen garrantzia ikusi dut. Edozein min, oso txikia bada ere, txapelketatik at gelditzekoa adinako traba da.

Zuri iritzia da finalerdietara ez iristea porrota dela. Hala sentitzen al zara?

Titulu hura kazetari batek eginiko jukutria izan zen. Niretzat porrota ez da helburua ez lortzea, helburua lortzeagatik ez borrokatzea baizik. Helburua ez lortzeak atsekabea sortzen dit, baina ez da porrota, nik nuen onena eman dudalako.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE