Kitarakoa, Adarragan

Titin-Pascualek eta Bengoetxea VI.a-Ruizek larunbatean jokatuko dute final-laurdenetako kanporaketako hirugarren partida, Logroñon

I. Magro / Berria

Binakako Txapelketako final-laurdenak Logroñon (Espainia) bukatuko dira. Enpresen Ligak atzo eman zuen ezagutzera Titin-Pascualek eta Bengoetxea Ruizek non eta noiz jokatuko zuten kitarako partida. Hainbat komunikabidek partida Zarautzen joka zitekeela barreiatu bazuten ere, EPELeko buruek Titinek Adarraga pilotalekuan biltzen duen ikusmina baliatu nahi izan dute. Kitarako partida larunbat arratsaldean jokatuko da (18:00, Tele5) eta txartelen prezioa zehazteke dago oraindik.

Larunbateko jaialdia bi enpresaren artean antolatuko dute. Hiru partidetan Aspe eta Asegarceko pilotariek nahastuta jokatuko dute. Logroñon jokatzea erabaki aurretik EPELeko buruek pilotaleku «neutral» bat bilatu nahi zutela esan zuten, enpresa bakoitzak astero erabiltzen dituenetatik kanpo. Adarraga pilotaleku neutrala da, zaleek, ordea, ez dute zalantzarik izango nor animatu erabakitzeko orduan. Izan ere, ezaguna da Titin III.a dela Logroño aldeko zale beroen begietako ninia.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE