Asegarceko bikote sendoa gero eta hobeto ari da, eta final handia hurbilago du
Gara
OLAIZOLA II – ZEARRA 22
XALA – GOÑI III 8
Binakako Txapelketak badu hirugarren bikote bat finalerdietan. Markagailuak dirudien baino lan handiagoa egin behar izan zuten, baina kanporaketako bigarren garaipena lortu zuten atzo Aimar Olaizolak eta Oier Zearrak, eta, hala, finala gero eta hurbilago dute.
Aurretik Xalaren eta Goñiren aurka jokatutako hiru neurketetan gertatu bezala, Asegarcekoek nahikoa lan egin behar izan zuten hogeita bira iristeko, baina, hala eta guztiz ere, garaipen erosoa lortu zuten.
Norgehiagokak hasiera parekatua izan zuen; batez ere, lau pilotariek huts gehiegi egin zituztelako. Markagailuak lau eta lauko berdinketa adierazten zuela, Goñi III.ak bi huts egin zituen jarraian, Olaizola II.ak airez ondo asmatu zuen hurrengoan eta Asegarceko bikoteak aurrea hartu zuen.Orduan hautsi zen neurketa, gorrien aldeko 15-4ko partzialarekin.
Morroi lanean ere trebeak
Irujo eta Eulate Binakako Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu dira, Koka eta Belokiren aurka kostata irabazi ondoren
IMANOL MAGRO / Berria
«Inork ez zuen esan erraza izango zenik», Irujok atzoko partidaren bukaeran esaniko hitzak dira. Iberokoak egi biribila esan zuen, kanporaketako lehen partida erraz irabazi arren, Kokak eta Belokik ez zietelako bigarren garaipena oparitu. Atzo Labriten Irujok eta Eulatek irabazi zuten, biek lan eginda, eta biek uztarri berean lotuta sufritu behar izan zuten. Talentu handiko bikote gaztea da, eta atzo morroi lanean ere trebeak direla erakutsi zuten. Azken txanpan biek bat egin zuten Beloki kargatzeko, eta errenkadan egin zituzten partidako azken sei tantoak.
Irujo eta Eulate bikotea dira, atzelaria baino askoz gehiago dira, eta horri esker dira txapelerako hautagai. Atzo biek lan egin zuten, hobe esanda Koka eta Belokik lan eginarazi zieten, eta maila ona eman zuten. Asegarceko bikotea ideiak garbi zituela kantxaratu zen. Eulate lotsagabe kargatzeko, eta Irujok behartuta egiten dituen hutsak bilatzeko asmoz. Estrategiak fruitu onak eman zizkien, baina ez zuten tarterik ireki. Atzo beste edozein bikoteren aurka jokatu izan balute, ez zuten galduko, baina Irujo eta Eulate egun ia garaiezinak dira.