Titin-Pascual eta Gonzalez-Lasa final-laurdenetako kitarako partida behartzen saiatuko dira gaur
Hitzordu beroak iritsi dira Binakako Txapelketara. Gaurkoan bi bikotek agur esan diezaiokete txapelketari. Kanporaketak halakoxeak dira, eta ez dute hutsik barkatzen. Final-laurdenetako lehen partida galdu ostean, Titin-Pascualek eta Gonzalez-Lasak ezinbestekoa dute gaur irabaztea kitarako partidak behartu eta txapelketan bizirik jarraitu ahal izateko. Horretarako, baina, iragan asteburuan emaniko irudi kaxkarra hobetu beharko dute.
Titinek eta Pascualek Bengoetxea VI.a eta Ruizen aurka jokatuko dute Gernikan (22:00, ETB1). Gonzalez eta Lasak berriz, Olaizola I.a eta Otxandorenarekin neurtuko dituzte indarrak Urdulizen (22:00). Bi partidetan Asegarceko bikoteak ageri dira faborito, aurretik jokaturiko bi norgehiagoketan sailkatze fasekoa eta final-laurdenetako aurrenekoa aise irabazi zutelako. Gaurko partidetarako, baina, Aspeko bikoteek estrategia aldatuko dutela aurreratu dute, eta bakoitza bere modura gehiago arriskatzen saiatuko direla. Orain arteko partidetan Iñigo Pascualek tako asko jarri du eskuin eskuan. Lizarrakoa eskuko minez aritu zen txapelketa aurretik, eta trapu asko jantzi du. Tako lodiek ez diote pilotaren norabidea zuzentzen utzi, eta gaur tako finagoak jantziko ditu. Berak esana da hasieran hobeto ekingo diola partidari, baina azkenerako eskua minberatu dakiokeela. Atzelariak apustu arriskutsua egingo du, Ruizen aurka, ordea, ez zaio beste aukerarik gelditzen berak agindu ezean Titinek kostata lortuko baitu aurrean tantoa egitea.Gonzalez eta Lasa ere beste joko mota bat egiten saiatuko dira Urdulizen. Pilota aukeraketan pilota biziagoak hautatu zituzten, Lasak gutxiago sufritu eta Gonzalezek aurrean jokatzeko aukera gehiago izan dezan. Olaizolak eta Otxandorenak, artean, ez dute joko estiloa aldatuko eta atzelaria kargatuko dute. Partidako giltza Azkaineko aurrelariaren esku egon daiteke, bera jokoan sartzen bada, erasoan zein defentsan, ustekabea emateko aukera izango dutelako. Hori bai, hasieratik inor gutxik jokatuko du txakur txikirik euren alde.