Ustekabeak? Ia ezinezkoak

Aurreko bi urteetan ez bezala, bikote faboritoek nagusitasunez irabazi dituzte Binakako Txapelketako final-laurdenetako lehen partidak

IMANOL MAGRO / Berria

Ustekaberik ez, ezta antzekorik ere. Binakako Txapelketako final-laurdenetako lehen partidetan faboritoek ez dute aurkarien errukirik erakutsi, eta nagusitasunez ekin diete kanporaketei. Aurreko urteetan lehen kanporaketetan hainbat emaitza harrigarri egon ziren, aurten, baina, ez da halakorik gertatu. Lehen kanporaketa partidek ligaxkak markaturiko arrastoa jarraitu dute, lehen faseko norgehiagokak irabazi zituzten bikoteak berriz ere gailendu baitira.

Binakakoa aurkeztean EPELeko buruek oreka nabarmendu zuten txapelketako ezaugarri nagusi bezala. Ligaxkak eta kanporaketetako lehen partidek ordea, oreka handirik ez dagoela azaleratu dute. Ligaxkan gertatu bezala, kanporaketetan lau bikote besteen gainetik gailendu dira. Aise nagusitu gainera, tanto gehien egin zuen galtzaile bikotea Gonzalez eta Lasa izan zelako, eta eurak erdibidean gelditu ziren Olaizola I.a eta Otxandorenaren aurka (22-11). Azken bi urteetako txapelketekin alderatuta, aurten ez dirudi ustekabearentzat tarte handirik dagoenik. Lehen emaitzak ikusita, litekeena da kanporaketa guztiak bi partidetan erabakitzea, kitarako partidarik gabe alegia. Iaz, ostera, kanporaketa batek kitarakoa behar izan zuen, eta duela bi urte hiru izan ziren hiru partidara arte luzatu zirenak. 2005eko txapelketan, ligaxkako azken sailkatuek oso estu hartu zituzten multzoburuak. Bengoetxeak eta Belokik Berasaluze eta Ruiz kanporatu zituzten. Aurretik Berrizkoak eta Lizarrakoak sailkatze faseko hiru partidak irabazi zituzten. Beste adarrean, aldiz, Olaizola II.ak eta Otxandorenak kitarakoa behartu zuten Olaizola I.a eta Zearraren aurka. Final-laurdenetako ezustea finalerdietara luzatu zen, eta Bengoetxeak eta Belokik finalerako txartela lortu zuten. 2004koa txapelketa are biziagoa izan zen. Kanporaketak ezustez josita hasi baitziren. Capellan eta Barriola multzoko azken sailkatu bezala iritsi ziren, eta gero txapeldun izango ziren Titin eta Goñiri irabazi zieten (22-20). Multzo bakoitzeko hirugarren sailkatuek ere, Irujo-Lasak eta Xala-Pascualek alegia, lehen kanporaketa partidak irabazi zituzten. Barriolak eta Capellanek ez zuten aurrera egiterik lortu, hirugarren sailkatuak, berriz, finalerdietara iritsi ziren. Finalerdietan, eta Belokiren lesioari esker, Irujo eta Lasak finalerako txartela lortu zuten.Aurreko txapelketa biziek, eta aurtengoaren oreka faltak zer aztertua eman beharko lieke EPELeko buruei, eta batez ere Aspeko zuzendariei, hein handi batean oreka falta Aspeko bikoteen erruz izan baita. Ea heldu den asteburuan lehen partidetako joera aldatzen den, eta emozioa txapelketara iristen den. Pilotazaleek eskertuko dute, ziur.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE