«Bigarren hasiera»

Titin III.a-Pascualek eta Bengoetxea VI.a-Ruizek Binakako Txapelketako final-laurdenetako lehen norgehiagoka jokatuko dute gaur Azkoitian

IMANOL MAGRO / Berria

Hilabete geroago, Binakako Txapelketak bigarren hasiera izango du gaur. Zale eta pilotari gehienek diote lehen faseko ligaxkak gatz gutxi izan duela, eta partida ederrak ikusiagatik ere norgehiagoka gehienei txapelketaren tentsioa falta izan zaiela. Iragan astearteko pilota aukeraketan, Titinek berak onartu zuen hemendik aurrera «beste txapelketa bat» hasten dela; «benetako txapelketa», alegia.

Gaurtik aurrera, final-laurdenak jokatuko dituzte, eta galduriko partidak ez du atzera bueltarik izango. Bi partida galtzen dituen bikoteak etxerako bidea hartu beharko du, eta espresuki binakakoa prestatzen duten pilotarientzat urte osoko lana ezerezean geldituko da. Final-laurdenetako lehen partida Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dute; Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek Titin III.arekin eta Iñigo Pascualekin neurtuko dituzte indarrak (22:00, ETB1).Lehen faseko emaitzei eta jokoari erreparatuz, Asegarceko bikote gaztea da faboritoa gaurko partidarako. Logroñoko Adarragan elkarren aurka jokaturiko partidan Bengoetxeak eta Ruizek nagusitasunez irabazi zuten (22-16). Egun hartan Titinek kolpea hartu zuen belaunean, eta oso ilun ibili zen. Bengoetxeak, ostera, oso txukun jokatu zuen; hamaika tanto egin zituen, eta atzera ere oso ondo astindu zuen. Bi bikoteek gaurko partida desberdina izango dela esan dute, eta sailkatze fasea ezin dela erreferentziatzat hartu. Hor datza, hain zuzen, Aspekoen itxaropena, kanporaketaren presioak Bengoetxea eta Ruizi mesede baino gehiago kalte egin diezaiekeelako. Pilota aukeraketaren egunean Ruizek eta Bengoetxeak Titin saihesten saiatuko direla aurreratu zuten; beraz, Iñigo Pascualen jardunak berebiziko garrantzia izango du gaur. Lizarrako atzelariak, ordea, erdipurdi hasi du txapelketa. Erregulartasunik gabe, partida bikain bat eta hiru eskas jokatu ditu. Titinek eta Pascualek, gainera, elkar ulertzeko arazo larriak eduki dituzte, aurrelariaren keinu gehienek jokoz kanpo harrapatu izan dutelako atzelaria. Gaur arreta berezia jarri beharko du Pascualek, bere gain hartuko baitu partidaren pisua. Partidako gakoa atzelaria izango da, bere kolpeak erabakiko baitu Titinek errematatzeko aukera izango duen ala ez.

Oraindik ez dute erabaki finala non jokatuko den

EPELeko buruek oraindik ez dute erabaki Binakako Txapelketako finala non jokatuko den. Enpresen Ligak finala Donostiako Atano IIII.a pilotalekuan jokatzea nahiko luke, dirudienez, baina Donostiako Udala oraindik ez da harremanetan jarri EPELekin. Patxi Mutiloa Aspeko gerentearen ustez, Donostiako Udala aurki jarriko da eurekin harremanetan. Dena den, ez dirudi negoziaketak errazak izango direnik, txapelketaren aurkezpenean Asegarceko buru Iñigo Salbideak onartu zuenez, argitu beharreko kontuak finaletik haratago baitoaz. Aurreko urteetan aurkezpen egunean ziurtatu ohi dute finala non jokatuko zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE