Olaizola I.a-Otxandorenak Irujo-Eulateren aurka irabazi zuten; hogeinako berdinketarekin epaileak harturiko erabakiak partida berotu zuen
IMANOL MAGRO / Berria
Binakako Txapelketako sailkatze ligaxka zozoak bukaera ezin beroagoa eduki zuen atzo Tolosan. Irujo eta Asier Olaizola batera egoteko, iskanbila, haserreak eta elkarren arteko trabak asko atzeratu ziren, hogeinako berdinketa arte partida nahiko lasaia izan baitzen. Azken aurreko tantoan, ordea, tentsioak eztanda egin zuen. Tanto luze eta lehiatu batean Irujok bi aldiz egin behar izan zion bultza Olaizolari goizuetarra hankapetik kentzeko. Tantoaren bukaeran Olaizolak dejada bota zuen txokora, ikusle gehienen iritziko Irujok lehen botean altxatu zuen, epaileak, baina, ez zuen ontzat eman. Erabakiak Irujo sutu zuen. Iberokoa epailearengana korrika joan zen, eta haserre bizian, garrasika, azalpenak eskatu zizkion. Harmailetako ikusleek, txistuka eta zutik, Irujoren jokaera arbuiatu zuten. Jokin Etxaniz, Irujo eta Eulateren botilleroa, aurrelariaren bila joan behar izan zen, epailea bakean utz zezan. Gaiztoturiko giroak hondar tantoa kutsatu zuen, Irujo partidatik kanpo zegoen eta Otxandok zabalean jotako boleak multzoko burua ziurtatu zien. Ligaxka iskanbilarekin bukatu da, eta final-laurdenak bero hasiko dira.
Otxandorena izan zen onena
Partidarik galdu gabe zeuden bi bikoteen arteko partidak zale guztiak ase zituen. Partida bizia izan zen, emozioz beterikoa. Tanto gogor asko egon ziren, lau pilotariek lan eskerga egin zuten eta bukatzeko iskanbila eduki zuen. Ezin da gehiago eskatu.
Irujok eta Eulatek hobeto hasi zuten partida. Iberokoa tantoa azkar bukatzen saiatu zen, eta sake onei esker partidaren agintea hartu zuen (2-9) . Olaizolak eta Otxandorena partida gogortzeko asmoz irten ziren atzo, eta ahal zuten bezain laster Eulate jipoitzen hasi ziren. Tanto luze eta zurrunek urdinen nahiak bete zituzten. Otxadorenak, atzo izugarri, eta Olaizolak Eulateren ezina aireratu, eta partida orekatu zuten (12-14). Eulate estu eta larri ikusita, Irujok bere kokapena atzeratu zuen. Iberokoa jokoan sartu zenean tanto nahasi pare bat trebeziaz bukatu zituen, tarte txikia irekitzeko nahikoa (14-18). Gorriak ez ziren larritu eta aurreko jokoari ekin zioten berriro. Tantoak mamitu zituzten, lotsagabe, Eulatek amore eman zuen arte. Irujo erritmoa mozten saiatu zen, Otxandorena, baina, txokoan utzitako dejada guztietara iritsi zen. Eulatek altxatu gabe utziriko bi sake bortitzek bukaerako liskarra aurreratu zuten (20-20). Hogeinako berdinketarekin tentsioak eta haserreek eztanda egin zuten, iskanbila pilotalekura iritsi zen, eta gatza, behingoz, EPELen binakako txapelketara.
OLAIZOLA I.A-OTXANDO 22
IRUJO-EULATE 20
Iraupena: 83 minutu; jokoarena .
Pilotakadak: 768.
Saketik: Olaizolak 3; Irujok 3.
Markagailua: 0-6, 1-6, 1-9, 7-9, 8-12, 12-13, 12-18, 18-18, 19-19, 20-20 eta 22-20.
Bestelakoak: Binakako Txapelketako sailkatze faseko azken partida. Tolosako Beotibar pilotalekua lepo bete zen. Ikusleek epaileak 20nako berdinketarekin harturiko erabakia txistukatu zuten. Goizuetako jende ugari joan zen Apezetxearen debuta ikustera.