Gara
Berezkoen Bakarkako Txapelketako bi norgehiagoka jokatzekoak ziren Donibane Garaziko Garat trinketean, baina azkenean bakarra jokatu ahal izango da, JeanClaude Dermit ezin izango baita lehiatu.
Ezkurra I.aren aurka zen aritzekoa, baina min hartu du, eta osatzea lortu ez duenez gero, ezin izango du jokatu, eta lehiaketatik at geratuko da. Horri esker, Ezkurra I.ak aurrera egin ahal izango du jokatu beharrik gabe. Bakarkako txapeldun ohiak Sebastien Sorhuet izango du aurrez aurre hurrengo kanporaketan, eta hori otsailaren 6an jokatuko dute Donibane Garazin, gaur jokatu behar zen trinket berean. Hori dela-eta, lagunarteko partida bat jokatuko dute Ezkurra I.ak eta Maitek, 16.00etan, jaialdiari hasiera emateko.
Bigarren partida jokatuko dute, eta han izango dira aurrez aurre Aranburu eta Istillarte. Partida orekatua dirudi, baina Aranburu aterako da faborito. Hendaiarra pilotari fina da, bakarka ongi moldatzen den horietakoa, baina adinak ez du barkatzen, eta gaur egun profesionaletan dagoen zaharrenetakoa da. Bakarka jokatzeko horrek eragina izaten du, batez ere trinketean, pilota azkar ibiltzen delako. Eta horixe izango da Istillarteren asmoa, pilota fite ibiltzea eta Aranburu nekaraztea.
Hala eta guztiz ere, Hendaiakoak eskarmentu handia dauka, eta horrek ere zerbaitetarako balio izaten du; hori erakusteko ahalegin guztia egingo du. Dirua, seguruenik ere, pare samarrean aterako da, baina Aranbururen aldeko joerarekin, nahiz eta hori ez den orain dela urte batzuetakoa.
Kanporaketa hori gainditzen duenak Olivier Larretxearen aurka jokatu beharko du otsailaren 6an, eta hori bai izango dela kontrario zaila, Zuraidekoa lehiaketa horretako faborito nagusietakoa baita. Sekulako uda egin du, eta txapelketa horretan multzoko buru ez bada ere, prest dago ezustea emateko.
Gaur seguruenik ere han izango da, aurkariak izan daitezkeenak ikusten eta aztertzen, nahiz eta hemen ez dagoen inongo sekreturik.