Ozafrain faborito dela, Ezpeletan abiatuko da Bakarkako Txapelketa

Gaur hasiko da Txapelketa, eta martxoaren 3an izango da finala Donibane Garazin
Gara

Gaur bertan abiatuko da Ezpeletan Bakarkako Txapelketa. Lehen aldiz jokatuko dute, gainera, EPB enpresaren gidaritzapean. Orain arte Frantziako Federazioak antolatu izan du, eta Frantziako Txapelketa izena eraman du, baina aurten, Bakarkako Elite Pro Txapelketa izena eramango du.

Guztira 18 pilotari izango dira nor baino nor gaur hasita; eta finala, berriz, martxoaren 3an jokatuko dute Donibane Garaziko Garat trinketean. Denak kanporaketa sistemaren bidez jokatuko dituzte, eta eskaileraren sistema erabiliko dute.

Txapelketako lehen fasea lau multzotan banatu dute, eta lau pilotari izango dira multzoko buruak: Etxeto, Ezkurra II.a, Ozafrain eta Muskarditz. Pilotari horiek final-laurdenetan hasiko dira jokatzen, eta lehen biek eta azkeneko biek elkarren aurka aritu beharko lukete finalerdietara sailkatzen badira.

Faboritoak aipatzerakoan, garbi dago lau multzoko buru horiek direla hautagai nagusiak. Ozafrain da, adituen ustez, txapela lortzeko faborito nagusia. Hark lortu ditu azkeneko bi lehiaketak, eta bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da. Askoren ustez, egungo onena ere bada, baina abenduan buruz buru jokatu duten Superprestigioan, lehen fasean joan zen kalera, eta horrek adituen artean zalantzak sortu ditu.

Etxeto da oso kontuan hartzeko beste pilotaria. Maila handikoa da, baina lehiaketa garrantzitsuetan beti huts egiten zuen; nerbioek jan egiten zuten. Orain, badirudi eskarmentuak mesede egin diola, eta lasaiago ateratzen dela. Azkeneko urtebetean sekulako maila ematen ari da. Hark irabazi du Superprestigioa, eta lehiaketa horretan ere bere lehenengo txapela jantzi nahi du, nahiz eta akaso faborito izateak ez dion mesede egingo.

Beste hautagaia Muskarditz da. Ia hiru urte eman ditu pilotan jokatu gabe, baina lesioa erabat bazterrean utzi du, eta Superprestigioko finala galdu baldin bazuen ere, maila oso onean zegoela erakutsi zuen. Ordutik gora egiteko modua ere izan du, eta bere mailarik onena ematen baldin badu, ez da txapeletik aparte izango. Beste hautagaia Paxkal Ezkurra da. Urruñakoa da pilotazaleen itxaropena. Oraindik oso gaztea izan arren, profesionaletara pasatu zenetik beti goian ibili da, baina badirudi apur bat kateatuta geratu dela azkeneko hilabete hauetan. Multzoko buru ez badira ere, Larretxea eta Sorhuet ere ez dira ahaztu behar. Larretxeak sekulako uda egin du, eta bakarkakoan ere ongi moldatzen den pilotaria da. Final-zortzirenetan hasiko da lehiatzen, eta hori irabazten badu, Ezkurra II.a izango du zain final-laurdenetan. Sorhuet da, Ezkurrarekin batera, zaleen itxaropena, hori ere gaztea baita. Horrek final-zortzirenak gainditzen baditu, hor sartuko baita txapelketan; Etxeto izango du aurrez aurre.

Estreinako kanporaketak

Gaur bertan abiatuko da Bakarkako Txapelketa, eta hasteko bi kanporaketa jokatuko dituzte. Ezpeletak feriako bigarren eguna izango du gaur, eta EPBk antolatzen duen Txapelketa hasteko leku aproposa izango da. Estreinako partidan Errekart eta Duhau neurtuko dira. Azken hori aterako da aurrera egiteko faborito. Duhauk bakarka ongi moldatzen dela behin baino gehiagotan erakutsi du, eta Errekart gaztea menderatzeko lana egin beharko badu ere, kanporaketa gaindi- tzeko faboritoa hura da.

Gaurkoa irabaziko balu, Idiarten aurka jokatu beharko luke otsailaren 2an Baionan, Saint Andre trinketean. Horiek beren lanak amaitzen dituztenean, Etxeberri eta Karrikart aterako dira. Etxeberri profesionaletako ibilbidearen hastapenean dagoen pilotaria da; eta Karrikart, berriz, profesionaletako azkeneko urteak egiten ari den aurrelari beteranoa. Horrelakoetan eskarmentuak garrantzia izaten duela esan ohi da, eta gaur, behintzat, Karrikart aterako da faborito. Irabazleak Ibarrolaren aurka jokatuko du otsailaren 2an.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE