Eskuin eskuko hatz erakuslea kolpatuta duela baieztatu zuen Urrutia sendagileak
Gara
Fernando Goñik bihar arratsaldean Miranda de Ebron egingo duten pilota aukeraren ostean erabakiko du ostiral gauean jokatu ala ez. Zubiriko atzelariak atzo goizean egin zion Urrutia medikuari bisita, eta sendagileak baieztatu zuenez, kolpatuta du eskuin eskuko hatz erakuslea.
Goñi III.ak igandean Bergaran jokatutako lehian hartu zuen min. Lehenengo tantoetako batean airez jo zuen pilota Aspekoak, eta dema osoan beldurrez aritu zen gero. Amaieran, ligaxkako hirugarren jardunaldira ongi iristea oso zaila izango zuela aipatu zuen eskuaren egoera kontuan hartuta.
Xala, Fernando Goñi, Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz bihar dira biltzekoak (Miranda de Ebro, 16.30ean) ostiralerako pilotak aukeratzeko. Goñik hitzordua zenbait ariketa fisiko egiteko baliatuko du eta proba horien arabera emango du baiezkoa edo ezezkoa. Jokatzeari uko egingo balio, Aspek ordezko bat aukeratu beharko luke enpresak egun dituen atzelarien artean.
Txapelketa aurrera
Goñiren ezbeharra alde batera utzita, Binakako Txapelketako ligaxkaren bigarren jardunaldiak ez zuen gorabehera nabarmenik izan zorionez.
Bikote aipagarriena, berriro ere, Irujok eta Eulatek osatutakoa izan da. Jendez lepo betetako Labriten norgehiagoka oso ona egin zuten eta pozgarria da Irujo bere mailarik onena harrapatzen ari dela ikustea batetik, eta Eulatek txapelketek sortzen duten daitekeen presio horri bikain eutsi diola egiaztatzea bestetik. Oinatzek eta Patxik ere oso maila onean jarraitzen dute.
Txanponaren beste aldean, bi partidak galduta dituzten Gonzalez-Lasa eta Xala-Goñi bikoteak dauzkagu. Azkaineko aurrelariak asmatu ezinik jarraitzen du eta Lasari lana pilatzen ari zaio. Xala ere ez dabil fin, nahiz eta igandean zorte txarra izan zuela onartu beharra dagoen.
Ostiralean Azpeitia eta Miranda, larunbatean Iscar eta igandean Bergara izango dira hirugarren asteko lehiak hartuko dituzten herriak.