Ezkurra-Ionek eta Zeberio II.a-Auzmendik antzerako pilotak aukeratu dituzte biharko finalerako
Binakako Faustino Txapelketako lau finalistak elastiko urdinez agertu ziren atzo Galarretako pilota aukeraketan. Laurak ere, bat etorri ziren faboritorik ez dagoela esatean. Finala oso parekatuta dago, eta dirudienez inork ez zuen faborito itxurarik eman nahi izan. Elastiko gorria txapeldunaren ikurra da, eta janzteak ardura dakar. Bihar Ezkurrak eta Ionek jantziko dute, eta atzo ez janztearena, nola ez, Ezkurraren ideia izan zen. «Ohitura da, hautaketetara beti etortzen naiz urdinez. Ez da sineskeria, hala ez dut gorria finalerako garbitu behar». Dena den faborito faltak ezin hobe islatzen du finalaren bezpera, bihar, Galarretan hain garrantzitsua diren apustuak parean irtengo baitira.
Atzoko aukeraketan bi bikoteek oso antzeko pilotak hautatu zituzten. Bote gutxikoak eta oso indartsuak, azpitik izugarri ibiltzen direnak. Zeberiok eta Auzmendik aukeraturikoen artean bote handiko bi daude, sakearekin min asko egiteko aproposak. 2003ko txapeldunek garbi dute nola jokatuko duten bihar. Hala Zeberiok, nola Auzmendik lotsagabe onartu zuten Ion gaztea kargatzen saiatuko direla. Horren jakitun, finalean bere maila eman ahal izatea gustatuko litzaiokeela nabarmendu zuen Ionek, kirioek lagunduko ez dioten arren. «Orain ez nago urduri, baina ziur larunbatean kirioak airean izango ditudala». Azpeitiko gazteak Ezkurra du alboan, eta txapeldunarekin jokatzeak alde onak eta txarrak dituela onartu zuen. «Denoi gustatzen zaigu harekin jokatzea, onena delako. Kotetorekin aritzeak, baina, arazo bat dauka, nahitaez maila ona ematera behartuta zaudela». Gerriko gorridun bikotean, Ezkurra da nagusia. Berak zuzentzen du jokoa, bera da agintzen duena. Halere, Ionengan konfiantza itsua duela nabarmendu zuen atzo, eta bikoteko partaide bakoitzak bere lana egin behar duela. «Aurreko partidaren batean berari lana kentzeko asmoz irten naiz, eta nire lekua galdu baino ez dut egin. Ioni jokatzen utzi behar diot, ondo dabil eta ziur eutsiko diola. Ni bera laguntzen saiatuko naiz, baina bakoitzak bere lana egin behar du». Finalera begira Doneztebekoa kezkati dago, finalerdiak ez jokatzeak ez diolako mesederik egin, eta azkenaldian bere jokoak behera egin duela uste baitu.
Auzmendiren «ilusioa»
2003an txapeldun izan ostean Zeberio eta Auzmendi berriz ere finalean ariko dira. Orduz geroztik, Auzmendik oso une latzak pasatu ditu, besoko giharrean izandako lesioak sei hilabete jokatu gabe utzi zuen. Segurako atzelariak garai gogor horiek hartu zituen hizpide aukeraketan. «Horrelako lesio baten ostean, zaila da berriz jokatuko duzun edo ez jakitea, are gutxiago maila honetan. Final honek duela bi urtekoak baino askoz ilusio handiagoa egiten dit». Ilusioz gain, konfiantzaz lepo dago Auzmendi, eta finalerdietan bezala jokatzen badute finala irabazteko gai izango direla uste du.
Patxi Zeberio bere bikotekidearen iritzi berekoa da, eta finala oso parekatuta dagoela esan zuen arren, euren jokoa eginez gero, txapela bigarrenez jantzi dezaketela nabarmendu zuen. Biharko partidari begira Ion kargatzen saiatuko direla aurreratu zuen, eta ez dela Ezkurraren txakalaldiaz fio. «Ion oso erregular aritu da, Koteto izan da apur bat behera egin duena. Halere, finala ezberdina da, eta finaletan Koteto hazi egiten da. Gu bera saihesten saiatuko gara, eta Ion kargatzen».
Gara: Dena prest Faustino Torneoaren final handirako
Ezkurra bederatzi aldiz gailendu da Buruz Burukoan, baina Binakakoan bi txapel baino ez ditu, azkena orain sei urte eskuratutakoa. Bihar hirugarrena bereganatu nahi du. Zeberio II.a, ostera, maisua da espezialitatean. Lau final jokatu eta beste hainbat txapel lortu ditu, eta Elizaldek duen errekorra bost titulu berdindu nahi du. Elduaieneko aurrelaria azken urte bietako txapelduna da 2003an Auzmendirekin batera eta iaz Urrutia lagun zuela , eta aurtenhirugarrena irabazten saiatuko da, oraingoan Auzmendiren laguntzarekin.