Mikel Gonzalez eta Lasa Elite Txapelketako finala jokatzeko sailkatu dira, Renobalesi eta Erroizeneari irabazita hurrenez hurren
Urtea ondo bukatu ostean, urte berria ezin hobeto hasi du Mikel Gonzalez berriztarrak. Urteko azken egunean Zaldibarko Olazar txapelketa irabazi zuen, eta heldu den igandean Sopelan (Bizkaia), Lau t’erdiaren barnean, Elite Txapelketako finala jokatuko du, Lasa urretxuarraren aurka. Joan den asteburuan jokatutako finalerdietan, bizkaitarrak Renobalesi irabazi zion (22-20). Gipuzkoarrak, aldiz, Erroizenea hernaniarra hartu zuen mendean (22-16).
Gonzalezek eta Renobalesek jokatutako partida oso gogorra izan zen. Berriztarrak asko sufritu beharra izan zuen irabazteko, faborito zen arren. Hasieran Renobalesek hartu zuen abantaila (7-1). Hala ere, Gonzalezek, bere arma nagusia jokoan jartzearekin bat (sakea), berdintzea lortu zuen zortzi tanto egin zituen saketik partida osoan. Hortik aurrera markagailuan oso parekatuta ibili ziren amaiera arte. Biak oso nekatuta iritsi ziren partidaren azken txanpara, eta edozeinek zuen aukera irabazteko. Hala ere, Ugaitz Renobales alegiarra ezustekoa emateko zorian egon zen, tanto bat aurretik jartzea lortu baitzuen (20-19). Alferrik. Gonzalezek txapeldunaren zortea atera, eta finalerako txartela lortu zuen, 3 tanto jarraian eginez.
Bigarren finalerdia ezin gutxiago izan, eta oso gogor eta erritmo bizian jokatutakoa izan zen. Erroizeneak eta Lasak bikain hasi zuten partida. Oso zaila da bi pilotari horiei distantzia horretan irabaztea, defentsan bikain aritzen baitira, eta hori begi bistan utzi zuten biek.Hala ere, bigarren zatian partida erabat aldatu zen, Lasaren mesedetan. Erroizenearen jokoak behera egin zuen, eta urretxuarrak tanto batzuetako abantaila hartu zuen. Hantxe amaitu ziren Erroizenearen ametsak. Hernaniarrak nahi zuen, baina Lasak nahikoa izan zuen markagailuan zuen abantailari eustea (22-16). Finala Sopelan jokatuko da, heldu den igandean (12:00).Mikel Gonzalez izango da faboritoa. Azken boladan txapelketa asko ari da irabazten, bai banaka eta bai binaka, eta gogo handiarekin kantxaratuko da. Lasak dakiena egiten badu, aukerak izango ditu.