Atzo arratsaldean Bilboko Deportivo pilotalekura gerturatu ziren pilotazale bakanek ikuskizun aparta ikusteko aukera eduki zuten. Eusko Basqueko intendentziak partida erakargarria antolatu zuen, eta pilotariek ez zieten kale egin ikusleei. Gaubekak eta Imanolek, egungo Lehen eta Bigarren Mailako banakako txapeldunek, Fusto eta Larrinagaren aurka, egungo binakako txapeldunen aurka, irabazi zuten (45-42)
Partida bukaera oso estua izan zen, bi bikoteak maila handia aritu ziren, ia hutsik egin gabe. Imanol gaztea izan zen laukoteko onena, eta bere sendotasunak nahierara jokatzen utzi zion Gaubekari. Gorriek aginduz ekin zioten partidari, eta erdi aldera errenta polita lortu zuten (31-20). Binakako txapeldunek, ordea, ez zuten amore eman, eta bikote lanari esker partidari buelta eman zioten (41-42). Azken txanpan Gaubeka eta Imanol suspertu egin ziren, eta lortu berri dituzten txapelen zergatia azaldu zuten. Gorriek azken lau tantoak errenkadan egin zituzten. Lau tanto horietatik bi saketik egin zituen Bilboko atzelari garaiak. Beste biak Gaubekaren abileziaren fruitu izan ziren.