Patxi Zeberiok Koteto Ezkurraren aurka irabazi du Buruz Buruko Eguberrietako torneoan (35-22)
Labriteko harmailak aho bete hortz gelditu ziren atzo arratsaldean. Denbora askoan lehenbizikoz Koteto Ezkurra buruz buru ezinean ikusi zuten, Patxi Zeberiori gaina hartu ezinik. Elduaingo aurrelariak aise irabazi zion txapeldunari, pilotaleku motzeko Eguberrietako Torneoko finalerdian (35-22). Abuztuan, banakako txapelketa nagusiko finalerdietan, Ezkurrak gorriak ikusi zituen Zeberio mendean hartzeko. Atzo, berriz, orduko galtzaileak zorrak kitatu zituen. Apustuetako dirua nabarmen aurka izanagatik ere 100-30i, ez zen kikildu, eta pilotaleku motzean izan bazen ere, mendekua hartu zuen. Zeberiok ostiralean jokatuko du torneoko finala, Urrutiaren aurka.
Atzokoa partida arraroa izan zen. Zeberiok maila onean jokatuagatik ere, Ezkurra izan zelako partida oparitu zuena. Banakako txapelduna ez zen pilotaleku motzera egokitu, eta deseroso jokatu zuen partida osoan. Ezkurra gaizki hasi zen jokatzen, eta hutsen zama astunegia izan zen. Zeberioren lehen sei tantoetatik hiru Ezkurrak saketik eginiko faltak izan ziren. Hasiera ezin okerragoak txapelduna partidatik atera zuen, eta Zeberiok ez zion piloteoan barkatu. Elduaingoa aurkaria baino askoz hobeto egokitu zen Labritera, eta luze jokatzeari ekin zion, Ezkurarren hutsak eragiteko asmoz. Finalerdia hasi bezain laster hautsi zen, sakearekin Zeberiok lehen errenta lortu zuenean (7-14). Hasierako hutsen ostean Ezkurrak partidan sartzeko ahalegina egin zuen, eta tanto sorta bati esker tartea murriztu zuen (13-18). Susperraldia, baina, laburregia izan zen, eta partidaren erdi aldera Zeberiok txapelduna zanpatu zuen (15-30). Harmailetan inork ezin zuen sinetsi Ezkurrak hain gaizki joka zezakeenik. Azken txanpan Ezkurrak emaitza atondu baino ez zuen egin. Atzokoan, Doneztebekoak buruz buruko porrotaren garratza dastatu behar izan zuen.
Lizasok bi asteko epea soleo giharra sendatzeko
Eguberrietako pilotaleku motzeko buruz burukoarekin batera, Binakako Txapelketa ere, puri-purian dago. Finalerdi bateko lehen partida jokatu da jada, eta Zeberiok eta Auzmendik aurreneko puntua lortua dute. Beste finalerdia, berriz, Iñaki Lizasoren sendatze prozesuaren esperoan dago. Ezkurra-Ionek eta Bitoria-Lizasok jokatu beharreko finalerdia iragan larunbatean zen hastekoa. Lizasok, baina, ostiralean min hartu zuen izterrean, Labriten buruz buru Urrutiaren aurka jokatzen zebilela. Hasiera batean, aduktoreko zuntz haustura zela zirudien, eta binakako finalerdia bertan behera geldituko zela. Larunbatean eginiko mediku azterketak, ordea, larritasuna kendu zion minari eta aduktorea ondo dagoela ziurtatu zuen
Doneztebeko atzelariak soleo giharrean du min, eta gihar txikiagoa izaki aduktorea baino errazago sendatzen da. Lizasok bi asteko epea du sendatzeko, urtarrilaren seia arte. Antolatzaileek ez dute gehiago itxaroteko asmorik, eta Lizaso errege egunerako sendatzen bada finalerdia jokatuko da. Aldiz, atzelariaren lesioa sendatuko ez balitz, Ezkurra eta Ion finalerdiak jokatu gabe sailkatuko lirateke finalerako. Remonte 2.000ko buruek ez dute Lizaso ordezkatzeko asmorik, eta ezta finalaren data atzeratzeko ere. Finala urtarrilaren 14an jokatuko da, beraz, Lizaso garaiz sendatuko balitz, finalerdietako serie osoa aste bakarrean jokatuko lukete.
Zeberiok eta Auzmendik igandean lortu zuten finalerdietako lehen puntua, Altuna II.a eta Urrutiaren aurka kostata irabazita (40-39). Eguberri egunean ohikoa denez jendetza batu zen Uharteko Euskal Jain, eta partida aparta ikusteko aukera izan zuten. Hasiera estu baten ondoren, Altuna II.ak eta Urrutiak tarte polita lortu zuten azken txanpan (38-31). Amezketarrak eta Saldiaskoak txapelketako partida onena jokatu zuten, eta ezustekoa eskura izan zuten. Azken tantoetan, baina, faboritoak esnatu egin ziren, eta partidari buelta eman zioten. Zeberio erdipurdi aritu zen egunean Auzmendi izan zen onena. Finalerdiko bigarren partida larunbatean jokatuko dute.