Berria
Berezkoen Superprestigio Torneoak, buruz buru jokatzen den torneo bakarrak, gaur ezagutuko du txapeldun berria. Donibane Garaziko Trinketan (19:30), Thierri Etxetok Rene Muskarditzen aurka jokatuko du, txapelketako finalean. Muskarditz faborito den arren, Larresoroko atzelaria oso sasoiko dago. Iaz torneoko txapeldun orde izan ostean, Etxeto txapela janzteko bigarren aukera baliatzen saiatuko da gaur.
Final orekatua izango da, biak joko askorekin baitabiltza. Torneoko aurreko partidetan, Muskarditzen sorbaldako mina guztiz sendatu duela erakutsi du, eta apurka apurka bere betiko mailara bueltatzen ari da. Etxetok, berriz, uda eta udazkeneko torneotan erakutsiriko mailari eutsi dio, eta bere grinak gaur jaso lezake saria. Bi finalistak sakatzaile handiak dira, eta lehenbiziko pilotakadak garrantzi handikoa izango da gaurko finalean. Bi finalistek antzeko bidea egin dute, eta biek gorriak ikusi zituzten torneoko finalerdietan. Muskarditzek kostata hartu zuen mendean Sebastian Sorhuet (40-37). Thierri Etxetok, berriz, galdua zuen partida altxa zuen Paxkal de Ezkurarren aurka (40-36). Hamabost tanto atzetik joan ostean, Larresorokoak partida berdindu zuen. Azken txanpan, Ezkurra finaletik tanto bakarrera zegoela, Etxetok jarraian egin zituen partidako azken lau tantoak. Grina eta adore erakustaldia eman zuen, sakearekin batera aurtengo txapelketan erakutsi dituen bertute nagusiak.