«Buelta asko eman dizkiot buruari profesionaletara pasatu aurretik» Gorka Garcia

Palak garai txarrak bizi dituen arren ez da kimu gazterik falta; afizionatu mailako urte oparoen ostean, gaur egingo du debuta profesionaletan.

IMANOL MAGRO / Berria

Palak garai txarrak bizi baditu ere, ez da palista gazterik falta. Gorka Garciak (Deusto, 1978) gaur egingo du profesional mailako debuta, afizionatu mailan igarotako urte arrakastatsuen ondoren pala astuna hartzeko garaia iritsi zaio.

Aste berean Bizkaiko txapeldun eta profesional mailako debuta, Olentzerok zaku handia ekarri dizu.

Hasieran batean lehenago debutatzekoa nintzen, baina Bizkaiko txapelketa zela-eta atzeratzea eskatu nuen, eta pena merezi izan du. Urtea bukatzeko modu ezin hobea izan da.

Gaur egingo duzu profesional mailako debuta, urduri al zaude?

Mementoz ez. Partidan, ziur urduri jarriko naizela.

Profesionaletara pasatzea zer da, saria ala erantzukizuna?

Ez dakit. Aurrera begira ilusionatuta nago, ea Deportivok ere eusten dion. Hasteko behintzat partida polita jarri didatela onartu behar dut, Lehen Mailako pilotariekin.

Debut polita egokitu zaizu, Lujanekin eta bi beteranoren aurka.

Bai, debuterako atzelaririk onena jarri didate. Aurreko egunetan berarekin entrenatzen aritu naiz eta bikote ezin hobea da. Lehen egunean ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko naiz, eta kirioei nola edo hala eusten. Aurrean, Torre eta Urkia, asko jokatzen duen jendea da, zakur zaharrak dira, eta ziur ni kargatzen saiatuko direla.

Debuta, eta zuzenean Urrezko Pala torneora. Hasiera gogorra, eta gainera hirukote batean. Inoiz jokatu al duzu hirukoteren batean?

Ez dut inoiz hirukote batean jokatu, aurten gainera torneoko diseinuan hirukoteek hirukoteen aurka jokatuko dute, sei pilotari batera, kantxa jendez lepo egongo da!

Zenbat denbora daramazu profesionalekin lanean?

Iaz saio batzuk egin nituen, aurrez ere debutatzear egon bainintzen. Azkenaldian, berriz, hilabete eta erdi pasatxo egin dut beraiekin.

Eginiko saioetan zer moduz ikusi duzu zeure burua profesionalekin?

Gustura. Egun askotan buruz buru entrenatu naiz, Imanolekin bakarrik, eta besteetan lau edo bost pertsonarekin baino ez. Orokorrean ez da jende asko joaten entrenatzera. Saio horietan euren mailan nagoela uste dut, Zarraga, Larrinaga eta Imanolekin nahiko ondo moldatzen naiz.

Zer moduz egokitu zara pala astuneko jokora? Debutariei asko kostatzen zaie egokitzea.

Ni ondo moldatzen naiz. Aldaketa gehiago nabaritu izan dut atzera pala motza hartzean, askoz arinagoa dela dirudi. Pala modalitate gogorra da eta lehen egunetan asko sufritzen da.

Eta Deportivora zer moduz egokitu zara? Jakingo duzu ikusleek errieta asko egiten dietela pilotariei.

Pilotaleku luzean ondo aritzen naiz, kolpez ondo nago. Lehen egunean ikusleek errieta askorik ez didatela egingo espero dut. Dena den ez dut uste jendeari kasu askorik egingo diodanik.

Zer nolako oroitzapena duzu afizionatu mailako urteetatik?

Oso ona, asko gozatu dut jokatzen. Sestaoko Lagun Artea talde utzi berri dut eta omenaldia egin zidaten agurrean.

Zer moduz dago palaren harrobia?

Gazte jende asko dago, baina oso zaila da profesionaletara pasa ahal izatea. Gainera ia ez dago palarako frontoi luzerik, Gallartakoa laburtu zuten, Plentziakoa eta Mungiakoa aurki laburtuko dituzte. Eskuarekin alderatuta palan okerrago gaude, esku-huskako afizionatuek partida mordoa jokatzen dute eta guk ia ez dugu aukerarik izan.

Pala profesionala nola ikusten duzu?

Beti bezala dago, urteak dira desagertu behar dela diotela, baina hor jarraitzen du.

Paradoxikoa da, pala hain gaizki dagoela diotenean debutari gazteei aukera ematen jarraitzea?

Asko pentsatu dut erabakia hartu aurretik, pala desagertu behar zela eta Deportivo itxi behar zutela ziotenean buelta asko eman nizkion buruari. Baina tira, kontu berarekin urte asko daramatzatenez profesionaletara pasatzea erabaki dut, hori baita betidanik nahi izan dudana.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE