Berezkoak (Superprestigioa)
Gara
MUSKARDITZ 40
SORHUET 38
DONIBANE GARAZI
Rene Muskarditzek lortu zuen atzo Donibane Garazin Superprestigioko finala jokatzeko estreinako txartela, nahiz eta horretarako makina bat izerdi bota behar izan zuen. Hala ere, garaztarra, aspaldiko partez, final handi batean izango da.
Norgehiagoka ederra eskaini zuten bi pilotariek. Sorhuet aurretik jarri zen markagailuan, eta 3-11koarekin, lehendik bere alde zegoen dirua oraindik eta joera nabarmenagoan jarri zen hendaiarraren alde. Muskarditzek hilabete asko eman behar izan ditu geldirik, lesio bat baino gehiago izan baititu, baina atzo erabat osatuta dagoela erakutsi zuen. Lehenengo, partida berdindu zuen, eta 16-16koaren ostean, berak hartu zuen neurketaren agintea, eta amaiera bitarte horrela izan zen.
Muskarditzek ez zuen inoiz alde handia izan, baina beti aurretik aritu zen, eta amaieran ere horrelaxe izan zen. Bukaeran, pozez gainezka zegoen, eta ez da gutxiagorako, hilabete askotan zulo beltzean sartuta egon ostean, argia ikusten hasi baita.
Gaur, bigarrena
Gaur arratsaldean jokatuko da bigarren finalerdia, Garat trinketean, eta bertan izango dira Etxeto eta Ezkurra II.a. Bi pilotariak daude sasoi betean, eta faborito garbirik ez du izango gaurko partidak, bietako edonor baita irabazteko gai.