Eusko Basquek urte osorako pala eta zesta-punta egutegia aurkeztu du; txapelketa guztiak barne
IMANOL MAGRO / Berria
Eusko Basquek heldu den urte osoko pala eta zesta-punta egutegia aurkeztu zuen atzo, Bilboko Deportivon. Guztira hamalau torneo antolatuko dituzte, zazpi txapelketa barne, lau palakoak eta hiru zestakoak. Palako hiru txapelketa ofizialak izango dira, Euskadiko buruz burukoa, binakakoa eta zortzi t’erdikoa. Horretaz gain, Nazioarteko Federazioak onartzen badu, Euskal Herriko bikoteak ere izango dituen eta herrialdeka jokatuko den munduko txapelketa profesionala antolatuko dute. Nazioarteko Federazioak onespenik ematen ez badu, Eusko Basquek bere kasa antolatuko du txapelketa.
Zesta-puntan, berriz, kontua ez dago hain argi. Aurtengo udan, enpresen arteko desadostasunak zirela eta, ez zen txapelketa ofizialik jokatu, eta horrek kalte ekonomiko larria egin zion Eusko Basqueri. Heldu den urtean gauza bera pasa ez dadin, Eusko Basquek egutegia aurretik eratu du. Aitor Totorika atzo ez zen aurkezpenean egon, Filipinetan bilera garrantzitsua zuelako. Halere, hegaldia hartu aurretik erabakiaren zergatia azaldu zion Berriari. «Aurten, zesta txapelketa ofizialik gabe, telebista eta babesleekin aurrez sinatuak nituen akordio ekonomikoak aldatu behar izan ditut. 2006rako txapelketa horiek jokatuko direla ziurtatu nahi izan diet, eta horregatik aurkeztu dut egutegia hain goiz. Egutegia telebista eta babesleei erakutsi diet, eta euren nahiei erantzun diet. Hala, txapelketok egingo direlako bermea daukat».
Txapelketa hauek ofizialak izango diren ala ez zehazteke dago oraindik. Munduko txapelketarako bi aukera daude, Nazioarteko Federazioaren babesarekin edo gabe. Euskadiko Txapelketetan ere egoera antzekoa dela dio Totorikak. «Mundiala baliteke ofiziala izatea, Nazioarteko Federazioarekin orain arte hitzartutakoa bide horretan baitoa. Gero, Euskadiko txapelketen inguruan, enpresa barnekoak egingo ditugu. Hori bai, garbi utzi nahi dut nik ez diodala beste edozein eskaintzari atea itxi nahi». Eusko Basqueko presidenteak argitu zuenez, Euskadiko Pilota Federazioa txapelketa handi bat egiteko asmotan dabil, Eusko Basque eta APPko pilotariekin. Balizko txapelketa bateratuaren harira, Totorikak egutegia hartu zuen berriro mintzagai. «Guk gure egutegia bete behar dugu, akordio batzuk sinatu ditugulako. Gero, horietaz gain beste egitasmo batzuk aurkezten badizkigute, gure egutegia aldatzen ez dutenak eta interesgarriak izan daitezkeenak, aztertuko ditugu».
Deportivo eta Paue
Atzoko aurkezpenean, Deportivoren etorkizunari buruz ere hitz egin zen. Ricardo Frelinek, Club Deportivoko presidenteak, sinaturiko agiri bat aurkeztu zuen Eusko Basquek. Agiri horretan, Frelinek orain arte inolako eraldatze proiekturik jaso ez dutela ziurtatu zuen, eta jasoko balute Club Deportivok eta Eusko Basquek batera ezagutaraziko luketela. Totorikaren iritziz, interes ugari daude Deportivoko pilotalekuaren etorkizunaren inguruan harroturiko hautsaren atzean. «Deportivoren inguruan esaniko dena ez dira zurrumurruak baino izan. Ez dago deus ere erabakita, dena airean dago. Esamesen atzean hainbat pertsonaren interesak daude, eta horregatik aireratu dituzte». Deportivoz gain, Paueko pilotalekuaz ere mintzatu ziren atzo. Eusko Basquek martxoan hasiko den urtebeterako ustiatze kontratua sinatu baitu. Epe horretan 60 jaialdi emango dituzte.
14 JAIALDI GABONETARAKO
Debut asko eta Urrezko Pala eta Zesta torneo luzeak
Atzoko aurkezpenean, urte osoko egutegiaz gain, aurtengo Gabonetako jaialdien berri eman zuten. Eusko Basquek hamasei jaialdi eskainiko ditu errenkadan, pala eta zesta nahasiz. Hiru izango dira jaialdietako ardatzak: Banakako Pala Txapelketetako finalak, Urrezko Pala Torneoa eta Urrezko Zesta Torneoa. Banakako Lehen Mailako eta Bigarren Mailako finalak egunez aldatu dituzte. Hasiera batean abenduaren 24an jokatzekoak ziren arren, Urtezahar egunera atzeratu dituzte. Finalez gain, Urrezko Pala eta Zesta torneoak jokatuko dira. Urrezko Zesta torneoa abenduaren 22an hasiko da, eta Urrezko Pala, abenduaren 23an. Bi torneoetako finalak ekainaren 5ean jokatuko dira. Urrezko Palan koadroko palista guztiek jokatuko dute, bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzean bi bikote eta bi hirukote ariko dira. Urrezko Zestan, aldiz, zortzi bikotek jokatuko dute. Gabonetako torneoetan hiru pilotarik hasiko dira jokatzen Eusko Basquerekin. Palan, Gorka Garciak profesionaletan hasiko da abenduaren 22an. Horren ostean, bete-betean sartuko da Urrezko Pala torneoan. Zesta-puntan, berriz, aurretik JASen ibilitako bi pilotarik Eusko Basqueren elastikoa estreinatuko dute: Christophe Olhak eta Joaquinek.