Gozatzea ahaztu

Enekoitz Telleria/Berria
Harritu egin nau Xalak. Onerako lehendabizi eta txarrerako gero. Pilota aukeraketa egunean harritu niduen onerako. Bilboko Kale Nagusian galduta, BBKren egoitza nagusia non zen galdezka ezagutu nuen Xala uzkur eta lotsati hartaz akordatu nintzelako, eta ez zelako inondik inora ere mikrofonoz eta kameraz inguratuta bati zein besteari suelto-suelto erantzuten ari zen pertsona berbera. Harritu egin ninduen onerako haren patxadak, haren ironia finak, umoreak. Harritu finalak gozatzeko direla esan eta gozatzeko pilotak aukeratu zituela esan zuenean. Berarentzat aukeratu zituela hark pilotak eta ez kontrarioari kalte egiteko. Lehen inondik inora atzematen ez nion heldutasun printza bat sumatu nion, eta inpresio horrekin irten nintzen frontoitik. Horregatik aritu nintzen aste guztian haren aldeko kanpaina egiten. Finalean kikildu egingo zela behin eta berriz esaten zidatenei kontra egiten.

Horregatik harritu ninduen Xalak finalean txarrerako. Hasiberriaren dardarek, ezjakinaren zurbiltasunak, inuzentearen keriek. Zinez diot ez nuela espero. Ez haren xalotasuna eta ez haren botileroaren jarrera. Egia da 3-1ekoa tanto arraroa izan zela. Falta? Buena? Horrek baino gehiago epaileen jokatzeko moduak sutu zuen Panpi. Aimarrek eskua altxatu zuelako altxatu zuelako epaileak berea, eta aurreko epailea Xalari hasi zelako tanto ematen erdikoak kontrakoa esan zion arte. Egia da ez zela batere txukuna izan, baina horrekin ere jakin behar da jokatzen. Botileroaren imintzioek, haren zalapartak eta erneguak, oraindik gehiago galdu zuten Xala Atano III.eko laino artean igandekoa pururik gabeko azken finala izan zitekeelako edo, inguruko Cohiba, Montecristo, Romeo-Julieta, Don Pedro eta La Flor de la Isabela guztiak Donostian erre ziren. Kontua zera da, patxada eta jakituria eman behar zizkiona patxadarik eta jakituriarik gabe ikusteak ez ziola batere mesederik egin Xalari eta behera egin zuela. Sekulakoa da Xalak eta Ladutxek duten harremana. Besteari esker egin da bat pilotari, eta zalantzan jarri gabe betetzen ditu batek bestearen aginduak. Ona da hori; txarra ere bai. Horrenbesterainoko dependentzia… Gozatzea zen agindua, baina agindu emaileak gozatu ezean, nekez gozatuko du agindua bete behar duenak.

Eta txapelduna? Perfekzioaren legeari buruzko hirugarren atalik ez dut idatziko, nahiz eta hirugarren txapelarekin tokatzen den hirugarren atala. 26 urteko beteranoa da jada Aimar. Pentsatzeko denbora eman zioten berriz ere, eta pentsatzeko denborarekin garaiezina da Aimar. Egia da kontrarioa bezain kaskar hasi zela. Beste mundukorik ezer egin gabe pasatu zituela lehenengo estutasunak, eta ez nuela nik beste askotan bezain fresko ikusi anaiaren aldamenean egindako zurrutak atseden gisa hartu behar zituen epaileak, asko luzatu zelako. Baina egia da gutxik kontrolatzen dutela partidaren tempo-a berak bezala. Betiereko irribarre horren atzean badela malezia. Xomorroa dela. Nola edo hala ekimena hartu nahian hasi zela, Xalaren txakalaldi erabatekoaz ohartu eta berari apur bat egiten utzi zion arte. Sakatu egin zuela ongi (oso ongi), eta bukatu ongi (oso ongi). Finalak jokatzera ez dela inor ohitzen esan zuen partidaren bezperan, baina asko jokatzen dituenak aurre hobeto egiten diela ez dago inolako zalantzarik. Galdetu bestela Xalari.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE