LADUTXEREKIN lanean. Bost entrenamendu astero, bi ordu esku bakarrez astintzen, 400 boleako serieak, 180 gramoko pilotak… Sakrifizioa, diziplina eta lan espezializatua, Xalaren bilakaeraren errezeta
Zortzi urte dira Yves Salaberri Xala-k lau t’erdiko partida bat lehenbiziko aldiz ikusi zuela. Titinek eta Retegi II.ak 1997ko Txapelketako finalerdietan jokatu zuten partida ikusteko Xalak Lekornera (Lapurdi) joan behar izan zuen, amamaren etxera, Lekuinen ez zelako Euskal Telebista ikusten. 18 urteak bete berri zituen trinketeko jokalari afizionatua zen Xala, eta pilotarien trebeziak aho bete hortz utzi zuen. «Txundituta gelditu nintzen. Bi eskuekin ezin hobeto astintzen zuten. Ezker eta eskuin, gantxoak bi aldeetara. Orduko hartan noizbait horrelako partida bat jokatuko nukeenik pentsatzea ametsa baino zailagoa zen niretzat, ezinezkoa, utopia bat». Igandean, zortzi urte geroago, aurrelari trebeak ametsa bete ahal izango du.
Ametsak, ordea, ez dira bere kabuz betetzen. Kirol profesionalean ametsek lana eta sakrifizioa eskatzen dute. Lan itsua, gainera, ez da nahikoa, eta izerdia nola bideratu dakienaren laguntza beharrezkoa da. Xalak zazpi urte daramatza Panpi Ladutxerekin lanean, eta bere bilakaerak pilotazale guztiak harritu ditu. Ladutxek kirol profesionalaren ikuskera berezia du, eta bere jakituriak fruitu onak lortu ditu orain arte. «Kirolariak entrenamendua du lan, eta horrek sakrifizioa eskatzen du. Arrakasta eta hobekuntza lanaren fruitu dira, eta horretarako diziplina beharrezkoa da. Yves langilea da, eta ereindakoa jasotzen ari da, hobetzeko asko duen arren».Ladutxek ez ditu erabiltzen pilota eskola klasikoetako entrenamendu teknikak. Ez ditu partidak gustuko, eta bakarkako lanaren aldekoa da. «Lan espezializa- tua da perfekziorako bidea. Ariketak behin eta berriro errepikatu behar dira, okerrak zuzentzeko». Perfekzioarako bidea oso gogorra da, eta Xalak buru-belarri jarduten du. Bost entrenamendu egiten ditu astean, Hendaian, Lekuinen edo Miarritzen. Astean bizpahirutan teknika lantzen du bakarka, Panpiren begirada zorrotzaren pean.
Pilotalekua lantoki
«Teknika hobeto lantzen da bakarka, ez dut gustuko entrenamenduetan partidak jokatzea», dio Ladutxek. Baina nolakoak dira bakarka eginiko lan saio horiek? Posible al da hain urte gutxitan Xalak izan duen bilakaera tekniko izugarria lortzea? Zerk bihurtzen du 19 urteko trinketeko jokalari bat buruz buruko txapeldunorde? Ladutxek berak erantzuten du: «Lanak, sakrifizioak eta espezializazioak». Panpik lan saio itogarriak diseinatzen dizkio Xalari. Egun bakoitzerako espresuki diseinaturiko ariketa taula erabiltzen dute. Panpik behin eta berriro hitz bera darabil: espezializazioa. «Lan espezializatua egiten dugu. Egun batez bi orduko saioa egin dezakegu eskuinarekin bakarrik astinduz. Erremateak, gantxoak… Askotan egin izan ditugu 400 gantxoko serieak. Thierri Arizmendirekin atzelaria da lan egiten dudanean, 500 errebote joarazi izan dizkiot. Mota guztiko ariketak dira, eta nazkatu arte errepikatzea behar-beharrezkoa da jarrera egokiak lortu eta trinketeko maniak kentzeko». Horrela zazpi urte luzez; inork ez du esan perfekziorako bidea samurra denik.
Ladutxek espezializazioarekin duen obsesioa lan fisikora iristen da. Gimnasioak eta korrikaldiak alde batera utzita, lan fisikoa ere pilotalekuan egiten dute. «Pilotariak kantxan jokatzen du, eta ariketa guztiak, baita fisikoak ere, jokora egokitu behar dira». Xalak ez du pisurik erabiltzen, gimnasioan egindako saio urriak karga oso gutxirekin eta abiada handian egiten ditu. Ladutxek dioenez, helburua potentzia lantzea da, ez indarra. «Gimnasioek eta atletismo pistek pilotariak moteltzen dituzte. Potentzia eta nerbio bizia indarra baino garrantzitsuagoak dira». Hobe pilota astuna, pisu handiak altxatzea baino. Lan fisikorako Ladutxek pilota astunak erabiltzen ditu, 180 gramo ingurukoak. Lan teknikoko ariketa berak pilota astunagoarekin eginez. Korrika saioak ere kantxa gainean egiten dituzte, frontisetik koadroetara abiatu, eta jokoko egoerak imitatuz. «Pilotariak 36 metroko korrikaldia landu behar du, ez 100 metrokoa. Ezker eta eskuin, alboetarako desplazamenduak, pilotariak frontoian egiten du lan, eta esfortzua neurri horietara egokitu behar da».
Tako berriak, aholkuak eta bideo zintak
Txapelketa bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta urteko lanak horietara moldatzen dituzte. Txapelketa bakoitzaren prestaketan bideo ugari ikusten dituztela onartzen du Ladutxek, hutsegiteak eta ahuluneak aztertzeko. «Binaka, banaka edo lau t’erdian jokatzea guztiz desberdina da. Jokoa aztertzeko, bideo ugari ikusten ditugu, eginiko hutsak erakusteko. Oso lagungarriak dira; irudiak ikusita errazago konpontzen dira hutsak».
Iazko Lau t’erdiko Txapelketan Xalak bere lan erritmoa eten egin behar izan zuen. Eskuko kailua mindu zitzaion, eta lan saioen karga eta maiztasuna gutxitu egin behar izan zituen. Entrenamendu urritasunak kalte egin zion bere konfiantzari, eta urte kaxkarra egin zuen. Aurten, baina, Ladutxek konponbidea aurkitu du: takoak aldatzearekin nahikoa izan da. «Yvesek urte txarra pasatu zuen iaz, ez zuelako taxuz lan egiterik izan. Nik inoiz ez nuen kailuko arazorik izan, eta ez nekien nola konpondu. Takoak jartzeko hamaika modu probatu ditugu, eta azkenean asmatu dugu. Eskua guztiz sendatu zaio, eta betiko lan erritmora bueltatu gara, bera konfiantzaz dago eta nabaritzen zaio».
Konfiantza, urduritasuna… alde animikoa da, oro har, Xalaren gabezi nagusia. Ladutxe ere horren jakitun da, eta bere ikaslearen hobekuntza hortik ailegatuko dela uste du. Panpiren aburuz, egun Xala bere ahalmenaren %70ean dago, eta badu zer ikasirik. Aurrerapauso handiena, baina, ofizioa ikasten duenean emango duela dio. «Yvesek asko hobe dezake oraindik. Ofizioa ikastea falta zaio, eta kantxa gainean lasaitzea. Oso otzana da, gehiegi, jenio txar pixka bat falta zaio, gehiagotan haserretzea. Aurkariak traba egiten dionean kexatzea, hitz batean: eskarmentua». Xalari buruz hitz egitean, Ladutxeri aurpegia alaitu egiten zaio, bere ikaslea ezagutzen du, eta igandean Olaizolari irabazteko gai izango dela uste du. «Aurrez esan dut, lanak bere fruituak jasotzen ditu».
Xala, ikasle saiatua
Irakaslea ona izanagatik ere, ikaslea alferra bada, deus gutxi egin daiteke. Ladutxek diziplina gogorra exijitzen dio Xalari, eta aurrelariak gogo onez onartzen du. Lehenbiziko urteetako entrenamenduak gogorragoak zirela iritzi dio Xalak, bere jardunak hobera egin duen heinean lan astuna gutxituz eta espezializatua handituz joan delako. «Lan espezializatua maite dut, Panpirekin bakarka lan teknikoa egitea biziki maite dut. Bakarrik gauza asko ikasten dira, eta errepikatzeak hobekuntza dakar». Lan gogorrari eustea ez da erraza izaten, are gehiago urte bukaerako uzta kaxkarra denean. Trinketa utzi eta ezker paretako lehen urteetan Xalak ez zuen itxaropenik galdu, apurka-apurka zen arren, emaitzak iristen ari zirelako. «Zenbaitetan asko sufritu behar da, lana gogorra delako; horrek fruituak jasotzea politagoa bihurtzen du».
Iaz, eskuko arazoak zirela-eta maila kaxkarra eman zuen lau t’erdikoko finalerdietan. Aurten kendu ahal izan du arantza, eta kaiola barneko pilotari peto-petoa dela erakutsi. Lau t’erdian ere, bere bilakaera Ladutxeri esker iritsi zaio. «Hasieran niri ez zitzaidan lau t’erdian jokatzea gustatzen, oso gogorra da eta nik kantxa osoan nahiago nuen, atsedenerako beta dagoelako. Panpik, baina, etengabe esaten zidan lau t’erdirako dohainak nituela, eta lan egitera behartu ninduen. Bere temakeriari esker jokatuko dut finala».
Burugogorkeriari eta tako berriei esker, Xalak iazko urtea gainditu ahal izan du. Eskuko minak eremu pertsonalean ere kalte egin ziola onartzen du, lur jota ibili zelako. «Eskuko arazoekin ez nuen gozatzerik izan, gaizki lanean eta gaizki bizitzan. Triste nengoen, ezertarako gogorik gabe. Panpiren takoei esker, eskua sendatu dut, eta berriro gozatu dut jokatzen, ea igandean txapela berari eskaini diezaiokedan». Ikasle saiatuaren hitzak, lan eta diziplina eredu. Pilotaren gazi-gozoak ezin dira ahaztu, baina bai estali, eta horretarako ez dago urre hariz brodaturiko txapela baino estalki hoberik.
Panpiren beste ‘ikasleak’@:STEPHANE LEMUNO (Pilotari afizionatua)
«Nire ametsa profesionaletan Xalaren aurka jokatu eta 22-2 irabaztea da»
Kolonbiarra jaiotzez, egun Hiriburun bizi da (Lapurdi). Gazte mailan Frantziako Trinket txapeldun izana da. 10 urte zituela istripu batek erredura larriak egin zizkion, eta urte luzeak behar izan zituen sendatzeko. Sendatu zenean Ladutxerekin hasi zen lanean, eta egun bi urte daramatza haren aginduetara. Lan saioak gogorrak direla dio, baina gustura aritzen dela. «Bakarkako saioak gogorrak dira, baina oso gustura nago, Panpi puntako irakaslea baita». Bakarka aritzen ez denean primerako entrenamendu kideak izaten ditu (Gonzalez, Xala eta Arizmendirekin jokatu ahal izatea ohorea da berarentzat). «Profesional onak dira eta asko behartzen naute, oraindik asko falta zait euren mailara iristeko, baina egunero hobetuz noala uste dut». Lemunok profesional izatea du amets, eta bere kideek ezpal onekoa dela diote. Xalaren iritziz, ezker kolpe polita du, oraindik ere hobetzeko asko badu ere. Pilotari gazteak adi-adi entzun ohi ditu Ladutxeren eta bere kideen aholkuak. «Asko dut ikasteko, badakit, baina irakasle onenak ditut. Gertu dut non ikasia». Askotan Xalari entrenatzen laguntzen dio, eta bera du pilotari gustukoena. Gazte gehienek bezala, ez du lotsarik soberan, eta noizbait Xala mendean hartuko duela aurreratzen du. «Nire ametsa profesionaletan Xalaren aurka jokatu eta 22-2 irabaztea da», dio Lemunok barre txikiarekin. Artean ez dio txarrik opa Xalari, eta igandean hark irabaziko duela uste du, pronostikorik egiten ausartzen ez den arren. «Ez dut emaitzarik esango, normalean kale egiten baitut, baina ziur nago Yvesek irabaziko duela».