Aspalditik dago igandeko finalari begira jarrita. Hirugarrena du finala, eta hirugarrena txapela, janzten badu. Urtea biribildu nahi du.
Imanol Magro/Berria
Profesionaletan hasi zenetik aurtengoa du urterik gozoena, eta modu politenean amaitu nahiko luke, feltro beltza soinean daramala. Igandean bere kirol ibilbideko lau t’erdiko hirugarren finala jokatuko du, eta aurtengoa izan da biderik zailena. Lana, lana eta lana, ez du besterik ezpainetan, eta igandean ere gogotik lan egin beharko duela dio, Xalak ez baitio txapela oparituko.
Finala buruan bueltaka izango duzu jada, ezta?
Bai, ligaxkako azken partida bukatu eta finala jokatuko duzula dakizunetik hasten da finala bueltaka. Egun garrantzitsua da, finalak denok jokatzen ditugu gustura, horretarako prestatzen gara eta zail da haietaz ahaztea.
Azkenaldian hainbeste jokatu ondoren urduritasunak ba al du lekurik?
Noski, final asko jokatu izanagatik beti nabaritzen da zerbait berezia. Baina tira, orain arte jokaturiko finaletan nire maila eman ahal izan dut, eta honetan ere ematea nahiko nuke.
Banakako eta lau t’erdiko finalen bezperak oso desberdinak al dira?
Pilotariok beti diogu buruz buruko txapelketa desberdina dela, eta finalaren bezperak ere bereziagoak dira, baina, tira, horren ondoren niretzat lau t’erdikoa da txapelketarik garrantzitsuena eta finalaren aurreko egunetan ere zerbait desberdina nabaritzen dut.
Final asko jokatu dituzu azkenaldian, norbait ohitu al daiteke finalak jokatzera?
Ohitu ez, hori ezinezkoa da, final asko jokatzea seinale ona bada ere. Finalak beti dira egun desberdinak, nahiz eta final asko jokatu, finalak beti izango dira desberdinak.
Aurtengo lau t’erdiko finalerako bidea zailagoa izan da.
Bai, ligaxkako lehenbiziko partida galdu nuelako. Dena den, eta emaitzei begiratuta, aurreko urteetan errazago iritsi izan naizela badirudi ere, lan handia egin behar izan dut. Hemen inork ez du finalerako txartela oparitzen!
Txapelketara ez zinela sasoi hoberenean iritsi esan zenuen; azal ezazu.
Ni ez nago gaizki, nik esan nuen ez nengoela duela bi hilabete bezain ondo, freskotasun apur bat falta zitzaidala. Baina, tira, azken partidetan hobera egin dut, eta finalean banago zerbaitegatik da. Oso zaila da bi urtean joko maila bera mantentzea.
Ruizen aurka galdu ondoren zeure burua finaletik kanpo ikusi al zenuen?
Partida hura galtzeak baino gehiago ondo ez jokatzeak arduratu ninduen. Ez nintzen ondo egon, eta buelta batzuk eman nizkion buruari zergatia aurkitzeko. Partida haren ondoren finalean sartzea nire esku zegoen oraindik, eta aukera hori baliatu dut.
Partida haren ostean Ruiz finalera iritsiko zela uste al zenuen?
Ez, berak ere beste partida bat irabazi behar zuelako. Aurreko urteetan aurreneko bi partidak irabaziagatik ere, tanto mordoxka bat egin izan ditut hirugarrenean, eta aurtengo ligaxka ez da desberdina izan. Finalean sartzeko hiru partida on jokatu behar dira.
Finalean Xala izango duzu aurrean, nola kusi duzu?
Konfiantza handiarekin dago, iaz eskuetako arazoekin iritsi zen eta ez zuen bere maila ematerik izan. Aurten ondo dagoela nabaritzen zaio, konfiantza izugarriarekin dago, eta era guztietan oso eroso jokatzen du.
Iragan asteko partidatik ondoriorik atera al duzu?
Ez, finala oso desberdina izango baita. Ziur nago finalean berak hobeto jokatuko duela, tentsioa handiagoa da, eta hori kantxa gainean nabaritzen da.
Bere lau t’erdiko lehen finala da, eraginik izango duela uste duzu?
Ez, ez da bere aurreneko finala. Urte asko daramatza goian eta zailduta dago.
Beste bi finalak Barriolaren aurka jokatu zenituen, igandekoa oso desberdina izango dela dirudi.
Nik aurrekoen antzekoa izatea aurrez sinatuko nuke, emaitzarengatik batik bat. Xalaren jokoa oso desberdina da, eta, alde horretatik, oso desberdina izango dela uste dut.
Finaleko sarrerak bi egunean bukatu ziren, zer pentsatua ematen al dizu horrek?
Ni ere harritu nintzen, aurrekoan partida bera leku berean jokatu genuenez, agian gutxiago salduko zirela zioten. Baina ez da hala izan, guk ere gureak lortzeko arazoak izan ditugu eta hori seinale ona da, pilotarioi ere pilotalekua beteta ikustea gustatzen baitzaigu.
Atanoko zoruaren egoerak kezkatzen al zaitu?
Ez, berogailuaren arazoa omen da eta finalean ez dute piztuko. Aurten Irujoren aurka han jokatu nuenean, zorua ondo zegoen, eta ziur nago igandean ere ondo egongo dela.
Igandean irabaztea 2005a, zure kirol ibilbideko urterik gozoena, amaitzeko modurik politena litzateke.
Iazko lau t’erdikotik hasita, urterik politena izan da, eta, bai, hala da. Finalean egoteak lana ondo egina dagoela esan nahi du; irabazi ezean, ordea, sentimenak guztiz desberdinak izaten dira.