«Egin didaten eskaintzarekin denbora asko egin nezakeen jokatu gabe» Berraondo

Zazpi urte profesionaletan egin ostean gaur du azken eguna Aspen; enpresak eginiko eskaintza oso kaxkarra iruditu zaio eta ez du onartu.

IMANOL MAGRO/ Berria

Gaur du azken laneguna Aspen Berraondok (Antzuola, Gipuzkoa 1976); gaur bukatuko zaio kontratua, eta ez berritzea erabaki du. Enpresak eginiko eskaintza berriak ez zion partida kopuru finkoa ziurtatzen, eta noiz jokatuko duen jakin gabe ibiltzea onartezina iruditu zaio.

Zergatik ez duzu kontratua luzatu?

Enpresak eskaintzen zizkidan baldintzak asetzen ez nindutelako; hori izan da arrazoi nagusia.

Eskaintza berriak ez zizun gutxiengo partida kopuru bat ziurtatzen, ezta?

Hala da, nik gutxiengo partida kopuru finkoa nahi nuen, eta ez didate eskaini. Egin zidaten eskaintzarekin eurek nahi zutenean jokatuko nuen bakarrik, partida kopurua ziurtatu gabe. Baldintza horietan denbora asko egin dezakezu jokatu gabe, berriz noiz jokatuko duzun esperoan, eta ez nuen gustuko. Baldintza horietan, jokatzeko eta entrenatzeko gogoak ez dira berdinak, horrela jarduteak ez ninduen erakartzen, pilotalekura joaten den jendeak errespetua behar duelako.

Erabaki zaila izan al da?

Ez, pilotaz gain nire lana daukadalako. Orain arte goizez egiten nuen lan eta arratsaldeak pilotari eskaintzen nizkion. Oso gustura jardun izan naiz, baina eskaini zizkidaten baldintza berriek ez ninduten motibatzen, kopuru finkorik gabe ez zegoen asko pentsatzeko.

Azken urtea ona izan da; partida asko jokatu dituzu, lesiorik gabe, eta buruz buruko txapelketarako sailkatu zinen; dirudienez, enpresak ez dio egindako lanari begiratzen.

Hirurogei bat partida jokatu ditut eta maila onean aritu naiz, asko dira horraino iristen ez direnak. Enpresak, baina, jada ez dio horri begiratzen. Ni adinean aurrera noa eta enpresak beste apustu bat egitea erabaki du, gazteak fitxatu eta jaialdietan sartzea.

Zazpi urte egin dituzu Aspen, nolakoak izan dira? Gorabeheratsuak?

Hasieran sartzea kosta egin zitzaidan, baina tira, apurka-apurka egokitu egin nintzen. Bigarren Mailako txapelketatan maila ona eman dudala uste dut. Gero, kantxan irabazi ostean, enpresak ez zidan Lehen Mailako buruz burukoa jokatzen utzi, baina tira, ni gustura aritu naiz eta horrek asko balio du.

Erabaki hark zure ibilbidea markatu zuen; kirol ibilbideko une gogorrena izan zen, ezta?

Bai, min handia egin zidan. Oso berandu esan zidatelako, manomanista buru-belarri prestatzen ari nintzenean. Baina tira, azken finean enpresaren erabakia da. Ez zitzaidan bidezkoa iruditu, baina tira, ezin zara atzera begira gelditu enpresariak ez duela ondo jokatu behin eta berriz errepikatzen. Lanean jarraitu beharra dago eta handik bi urtera beste aukera bat jaso nuen eta ondo probestu nuen, gainera.

Aurrera begira jarri al zara?

Oraindik ez, hau guztia bi asteko kontua izan baita; ikusiko dut zerbait agertzen den.

Profesionaletan jarraitzea gustatuko al litzaizuke?

Bai, agian beste motako enpresaren batean, udara begira gehienbat. Zerbait agertzen bada aurrera egingo dut, eta agertu ezean beste gauza batzuei ekingo diet.

Badaezpada ere ez diozu entrenatzeari utziko?

Ez, ezta inola ere. Herriko jendearekin jardungo naiz eta norbaitek noizbait nire beharra badauka ez diot ezetz esango. Pena da, oso gustura nengoelako Bergarako taldearekin lanean.

Horixe botako duzu faltan gehien?

Bai, ziur. Entrenamenduetako taldetxoa, partidetako presioa… Oraindik ez dut hutsunea nabaritzen, baina ziur laster hasiko zaidala entrenamendu mina.

Enpresa txikiak puri-purian daude, hori izan al daiteke bidea?

Ez dakit, ez dut horretan pentsatu oraindik. Hemendik aurrera ea norbaitekin hitz egiten dudan eta orduan erabakiko dut.

Tirapuk eginiko bidean ikusten al duzu zure burua?

Ez dakit. Ez daukat nire aldetik ibiltzeko gogo handirik.

Antzuolako pilota eskolan ez dira entrenatzaile faltan ibiliko?

Ez, ez. Halere oso gustuko dut herriko mutikoekin jokatzea, beraiei ilusioa egiten baitie. Gainera, hor badago maila onekoren bat; ea harekin jokatuz pilota mina apur bat aldentzen dudan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE