PABLO URRIZELKI. Afizionatu mailako azken urte gozoaren ostean, igandean profesionaletan hasiko da jokatzen, herrikideen aurrean, Lizarran
IMANOL MAGRO / Berria
Asegarceko teknikariek asmatu ohi dute pilotari gazteak euren pilotariekin entrenatzera gonbidatzeko orduan. Askotan oso gazteak gonbidatzen dituzte, haien bilakaera gertu-gertutik jarraitu ahal izateko. Patxi Ruizek, Oinatz Bengoetxeak eta duela gutxi Oier Mendizabalek bide horri jarraitu diote, eta profesionaletara pasatzeko aukera entrenamenduetan lortu behar izan dute. Duela bi urte, hemezortzi urte baino ez zituela, Lizarrako harrobiko azken harribitxia gonbidatu zuten: Pablo Urrizelki. Heziketa fisikoko modulu bat ikasten hasi zen Urrizelki Gasteizen, eta bi urtez profesionalekin batera entrenatzen aritu da. Haren lanak, azkenean, fruitua jaso du, iaz afizionatu mailan eginiko denboraldi onari profesional mailako debuta gehitu baitzaio.
Urrizelki igandean hasiko da profesional mailan jokatzen, Lizarran. Horretarako egun gutxi falta diren arren, ez dago urduri. «Aurreko astean okerrago pasatu nuen, aurkariak zeintzuk izango ziren jakin arte». Hasteko, partida handia antolatu dio enpresak, Oinatz Bengoetxearekin bikote eginez Unanue eta Otxandorenaren aurka jokatu beharko baitu herrikideen aurrean. Hiru egun falta dira eta Urrizelki ilusioz lepo dago. «Edozeinek desiratuko lukeen hasiera da: etxean eta estelar handi batean. Adi-adi egon beharko dut, eta ondo jokatzen saiatuko naiz».
Bi urte egin ditu profesionalekin entrenatzen, eta kostata bada ere haien erritmoari eusteko gai ikusten du Urrizelkik bere burua. Hala eta guztiz, ez da oilartzen, ondo baitaki entrenamenduak eta partidak oso desberdinak direla. «Entrenamenduetan ondo aritzen naiz; zuriz jantzita, ordea, dena desberdina da. Zuriz janzten zarenean pilota bizkorrago, luzeago eta gogorrago etortzen da». Profesionaletan hastea ametsa du, erantzukizuna handiagoa den arren. Lan egiteak ez du beldurtzen eta, alde horretatik, profesionalekin jarduteak akuilu onena da berarentzat. «Debuta egun bateko kontua da; hortik aurrera lanean jarraitu behar da. Profesionaletan inork ez du deus ere oparitzen, eta, hor goian jarraitzeko, ilusioa lan bihurtu behar da». Ilusioa lan bihurtu, ez dira hitz makalak; gaztea izanagatik ezpal onekoa dela antzematen zaio. Zer landurik ez zaio falta, gainera, entrenatzaileen errietarik gabe ere, berak bere burua ondo estutzen duelako. «Ezker kolpea hobetu behar dut; profesionaletan, seitik atzera, ezkerrez eraman baino gehiago egin behar da, eta hor badaukat zer landua».
Afizionatuetako azken urtea oso gozoa izan da Urrizelkirentzat. 16 urte zituen Ruiz eta Pascual profesionaletan hasi zirenean eta oso gaztetatik jokatu behar izan du nagusi mailan. Nagusiagoen aurka jokatu beharreko urteek kolpea zaildu diote. Iaz Nafarroako eta Euskal Herriko herri artekoak irabazi zituen, eta Elgetako finalera iritsi zen. Hernaniren aurka jokaturiko Euskal Herriko herri arteko finalean aurrelari jardun behar izan zuen gainera, Lizarrako aurrelariak min hartuta baitzeuden. Urrizelki partidako onena izan zen, eta bost hormabiko sartu zituen. Berak modu sinplean azaltzen du. «Atzelari izanagatik ere, oso gustuko dut aurrelarien entrenamenduak egitea. Afizionatu mailan buruz buru asko jokatu izan dut eta, hori prestatzeko, egokia da. Finalean bete-betean sartu nintzen, eta zerbait egiten ausartu nintzenean dena ondo irten zitzaidan». Sekretu txiki bat ere aitortu du: gusturago jokatzen du buruz buru binaka baino. Tamalez, profesionaletan, aukera gutxi izango ditu banaka aritzeko.
Foto: Asegarce.com