Oreka da nagusi Binakako Erremonte Txapelketan

Gaur hasiko da Euskal Jain, bost bikoteak batuko dituen sailkatze ligaxka

I. MAGRO / Berria

Remonte 2.000ko intendentziak bete-betean asmatu du, oreka baita aurtengo Binakako Erremonte Txapelketako ezaugarri nagusia. Antolatzaileek iaz baino bikote bat gutxiago jartzea erabaki dute, galbahearen fruitu txapelketa erakargarriagoa diseinatu ahal izateko.

Bost bikoteak maila bertsukoak dira, eta atzo eginiko aurkezpenera gerturatu ziren adituen artean inor ez zen faboritoren bat nabarmentzeko gai izan. Koteto Ezkurrak, Banakako Txapeldunak, Ion gaztearekin batera jokatuko du. Azpeitiarrak gora egin du azken hilabeteetan, eta Binakakoan parte hartu ahal izatea saria izan da berarentzat. «Urte osoan egindako lanaren saria da, eta kirioei eusten saiatuko naiz. Kotetorekin jokatzea erraza da gainera, berak zuzendu eta irakatsi egiten dizulako». Binakako txapelketa irabaztea zer den ezagutzen duten bi bikotek berriz ere batera jokatuko dute. 2002ko eta 2003ko txapeldunak, Altuna I.a-Eizagirre eta Zeberio II.a-Auzmendi, elkarrekin ariko dira berriro. Beste bi bikoteak ere, puntakoak dira. Migel Mari Urrutiak Garikoitz Altunarekin jokatuko du, eta Iñaki Lizasok Xabier Bitoriarekin. Doneztebekoak Andoaingo aurrelari trebearen laguntza izango du, behingoz binakakoaren finalera sailkatu ahal izateko.

Txapelketa gaur hasiko da, eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko. Bost bikoteek itzuli bakarreko sailkatze ligaxka jokatuko dute lehenbizi. Ligaxkako lehen laurak finalerdietarako sailkatuko dira. Finalerdietan bikoteek bi partida irabazi beharko dituzte finalera pasa hala izateko. Bi finalerdietan kitatze partida egongo balitz, finala urtarrilaren 14ra arte atzeratuko litzateke.

Kike Elizaldek, Remonte 2.000ko intendenteak, diseinu aldaketaren zergatia azaldu zuen auskezpenean: «Orekaren alde egin dugu, eta Etxabe kanpoan gelditu behar izan da. Bost bikote paretsu nahiago ditugu, sei sartu eta bat herren uztea baino».

Altuna-Urrutia, Ezkurra eta Ionen aurka, gaur, Euskalen

Binakako txapelketa gaur hasiko da, Euskal Jain (16:00). Jaieguna da Iruñean eta antolatzaileek txapelketa Galarretatik urrun hastea erabaki dute. Lehenbiziko partidan Koteto Ezkurrak eta Ionek, Altuna II.a eta Urrutiaren aurka jokatuko dute. Azpeitiko atzelariak kirol ibilbideko lehen txapelketa partida jokatuko du, eta urduritasunak bere jarduna kaltetu lezake.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE