Xalak eta Olaizola II.ak pilota oso desberdinak aukeratu dituzten arren, ez da arazorik egon Atanon
IMANOL MAGRO / Berria
Pilota aukeraketak baretu dira berriro. Herenegun, Titinek eta EPELeko pilota hautatzaileak bakeak egin zituzten, eta atzo Donostiako Atanon ez zen inolako arazorik izan. Xalak eta Olaizolak bi pilota mota oso desberdin hautatu zituzten igandeko partidarako, eta ez zen inolako kritikarik egon. Biek ere ez zuten hautsik harrotu nahi izan, eta hautatzailearen lana hobetsi zuten. Ia betiko errutina, gauzak bere onera itzuli diren seinale.
Xalak 103 eta 102 gramoko bi pilota arin eta bizi hautatu zituen 102koa da arautegiak onartzen duen gutxieneko pisua. Olaizolak, ostera, pilota astunagoak nahiago izan zituen, 103,2 eta 102,8 gramokoak. Xalarenak baino motelagoak.
Lekuinekoak Olaizolaren pilotak astunak zirela nabarmendu zuen, baina ez zitzaizkiola motelegiak iruditu. Goizuetarrak kontrarioaren pilotak oso arinak zirela esan zuen, baina ez zirela lehengo astean Titinenak bezain biziak. Esandakoa, pilota oso desberdinak izanagatik ez zuten ahotsik altxatu. Oraingoz behintzat, arrastora itzuli dira.
Larunbatean Titinek Ruizi irabazten badio, eta errioxarrak zortzi tanto baino gehiago jasotzen baditu, Xala eta Olaizola finalean sartuko dira. Atzo esanikoaren arabera, ordea, larunbateko emaitzak ez du euren jarrera aldatuko eta igandean irabaztera irtengo dira biak. Olaizolak bere partidan bakarrik pentsatzen zuela esan zuen, eta igandean sasoi betean jokatuko duela. @:Xala, halaber, ez da matematikoki sailkatuko luketen hamar tantoekin konformatuko eta irabazten saiatuko da, larunbatean Titinek irabaztea nahiago badu ere. «Igandean hogeita bi tanto egitea da nire helburua, ez hamar bakarrik. Larunbatean, irratiz entzungo dut partida, eta Titinen alde egongo naiz, hori bai, bere emaitzak ez du nire igandeko jarrera aldatuko».
Panpiren tako miragarriak
Aste honetan eginiko adierazpenetan, Panpi Ladutxek Xalaren hobekuntza takoak jartzeko modu berrian oinarritzen dela esan zuen, eta aldaketari esker sendatu duela ezker eskuko kailua. Takoen inguruan galdetuta, Xalak entrenatzailearen hitzak berretsi zituen, eta zehatz azaldu zuen prozesua. «Takoak jartzeko hamaika modu probatu ditugu, eta oraingoarekin eskua sendatu zait. Lehen tako gogorrak jartzen nituen, eta kailua mintzen zidaten. Orain tako gehiago eta bigunagoak jartzen ditut, benda elastiko batekin estutuz. Aldaketa izugarria izan da».
Litekeena da takoak jartzeko modu berriarekin sentsibilitate pittin bat galdu izana, baina lasai entrenatu dezake, eta gauza jakinekoa da Xalak lan saio onak behar dituela konfiantza hartzeko.