Etxeto beste guztien gainetik ibili da

Berezkoak (Donapaleuko Torneoa)

Gara

Muskarditzek eta Etxetok lortu zuten atzo Donapaleuko finala jokatzeko txartela, Larretxea eta Jean Claude Dermit aise menderatu ostean, eta datorren igandean jokatuko dute finala Ibarrola eta Ozafrainen aurka.
Ikusmin handia zegoen atzo Muskarditz lanean ikusteko. Garaztarrak denbora asko eman du min hartuta, eta atzo berriz agertu zen trinketera, eta lan ona egin zuen.

Hori bai, atzo Thierry Etxetok markatu zituen ezberdintasunak, dudarik gabe onena izan baitzen. Atzean erabat agindu zuen, eta Muskarditzi pilota asko utzi zizkion aurrean errematatzeko, eta horrelako pilotei Muskarditzek ez die inolaz ere barkatzen.

Hasiera-hasieratik aurre hartu zuten irabazleek, eta berehala joan ziren tartea egiten, eta neurketa fite joan zen, oren batean dena amaituta baitzegoen. Faboritoak ziren Muskarditz eta Etxeto, baina inor gutxik pentsatzen zuen horren erraz irabaziko zutenik.

Finala, ordea, beste kontu bat izango da, han Ibarrola eta Ozafrain izango baitituzte aurrez aurre, eta berak aterako dira irabazteko faborito. Neurketa, behintzat, ederra izango dela dirudi, lau pilotariak baitira oso maila handikoak.

Bestalde, Bigarren Mailako bigarren finalerdia ere jokatu zuten, eta ezustean Etxeberrik eta Maitek oso erraz irabazi zuten Idiarten eta Biscoubyren aurka, 40-24 irabazi zuten-eta.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE