Lekuinekoak Patxi Ruizen aurka irabazi du eta esku-eskura dauka lau t’erdiko finalerako sailkapena
IMANOL MAGRO / Berria
Isilpean eta erdi ezkutuka. Xala zalapartarik egin gabe iritsi da lau t’erdiko txapelketako finaleko ateetara. Iazko ligaxkan emaniko irudi kaskarraren ostean aurten obsesio bakarra zuen, ligaxkako laugarrena ez izatea. Lekuinekoak ligaxkako bi partida nahikoak izan ditu bere beldur guztiak uxatzeko, eta atzo Ruizen aurka irabazita finala esku-eskura du. Lekuinekoak ez du matematikoki sailkatzea lortu oraindik, baina oso zaila da bera finaletik at gelditzea. EPELek finalerdietako ligaxka ezarri zuenetik, bi partida irabazi dituen pilotaria beti sailkatu da finalerako. Xalaren finalerako txartela Titinen esku dago, Triziokoak gaur Aimar Olaizolari irabazten badio, Lekuinekoak finala jokatuko du.
Xalak maisuki hartu zuen mendean Ruiz. Aurrelari trebeak lau t’erdian egin beharreko joko erakustaldia eman zuen. Erasoan ezin hobe mugitu zuen pilota, Ruiz alde batetik bestera korrika egitera behartuz. Tantoa egiteko aukera izan zuen bakoitzean bolea erabili zuen, txokora zein zabalera, Ruiz iristen ez zen tokira. Erraz eta hutsik egin gabe, maisutasunez. Defentsan, Ruiz kate motzean lotu zuen. Bere burua itota ikusi zuenean, frontisaren goiko harlauzetan babestu zen, eta aurkaria botera gozatzen saiatzen zenean, airez sartu eta agintea bere egin zuen. Defentsan ere Xalak maisutasunez jokatu zuen.
Ruizek ez zuen Olaizolaren aurkako partidako mailarik eman, hein handi batean Xalak utzi ez ziolako. Luze jokatzen saiatu zen, baina aurkariaren boleak ez zion utzi. Atzo, gainera, ez zuen lasai jokatzerik lortu. Beloki eta Olaizolaren aurkako partidetan atzetik joanagatik ere, suspertzea lortu zuen, atzo, ordea, abaildu egin zen.
Xalaren hasiera ona
Xalak oso ondo ekin zion partidari. Ruizi, berriz, izugarri kostatu zitzaion jokoan sartzea, eta oso garesti ordaindu zuen. Xalak aurkariaren ezina probestu zuen, eta lehen tantoetan nahierara aritu zen. Lehenbiziko sei tantoak jarraian egin zituen, eta irabazteko lan asko egin beharko zuela erakutsi zion Ruizi (2-8). Hasiera eskasaren ostean, Ruiz suspertu egin zen, eta ezkerrez jotako lauzpabost pilotakada oni esker markagailua orekatu zuen (5-8). Susperraldia, baina, laburregia izan zen.
Sakea berreskuratu zuenean, Xalak erakustaldia hasi zuen. Ondo eta luze sakatuz, errestoko abantaila baliatu zuen piloteoan agintzeko. Pilota ezker-eskuin mugitu, Ruiz nahastu eta tantoa boleaz egin, erraz eta maisuki. Xalak errenta erosoarekin iritsi zen azken txanpara (8-19). Dena galduta ikusita, eta ligaxkan tanto kopuruak duen garrantziaren ezagun, Ruiz arriskatzen hasi zen. Tartea murriztu zuen, baina Xala ikaratu gabe. Irabazlea finaletik gertu dago, eta Arizbataldeko txaloen artean ospatu zuen.