Balentrien biharamun gozoa

Patxi Ruizi ez zaizkio batere gustatu Xalak larunbateko partidarako aukeratu dituen pilotak

iMANOL MAGRO/Berria

Patxi Ruizek eta Xalak ezustean irabazi zituzten lau t’erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako lehenbiziko partidak. Euren balentriari esker, zale gutxi batzuk patrika sosez bete zuten, eta txapelketak emozio bultzada garrantzitsua jaso du. Etzi, lehen jardunaldiko bi ezusteen protagonistek elkarren aurka jokatuko dute, eta atzo aukeratu zituzten, Zarauzko Arizbatalden, larunbatean erabiliko dituzten pilotak.

Jende ugari batu zen pilota aukeraketa ikustera, partidak sorturiko ikusminaren seinale. Ohiko adineko taldeari, soinketa gela bertan behera utzi zuten ikasle talde bat gehitu zitzaion. Kontrakantxan, berriz, kazetari, intendente eta telebistan pilota partidak ematen dituzten bi esatariak batu ziren. Bi hitzetan, ez zen ia inor falta. Xalak aukeratu zituen pilotak lehenbizi, Panpi Ladutxeren laguntzarekin. Lekuinekoak 105,4 eta 105,6 gramoko pilotak aukeratu zituen, biak larrua bueltaturikoak. Ondoren, Ruizek denbora gehiago behar izan zuen aukeratzeko. Lizarrakoak pilota arin eta biziagoak aukeratu zituen, 104,6 eta 103,8 gramokoak. Xala gustura gelditu zen bere pilotekin, eta Ruizenak politak iruditu zitzaizkiola esan zuen. Lizarrakoari, berriz, ez zitzaizkion batere gustatu Xalak aukeraturikoak. «Niretzat, nahi nituen moduko pilotak aurkitu ditut, eta hori da garrantzitsuena. Bereak, aldiz,ez zaizkit batere gustatu, motelegiak dira, aurre-aurrean jokatzekoak». Bestalde, Aimar Olaizolak eta Titin III.ak gaur aukeratuko dituzte, Logroñoko Adarraga pilotalekuan (11:30 ), igandean erabiliko dituzten pilotak.

Bi pilotarien iritzia
YVES SALABERRI ‘XALA’ (Aspeko aurrelaria)

«Hor nagoela erakutsi nahi nuen; ez nintzela laugarrena izango»

Xala gozatzen ari da lau t’erdikoan. Atzo, eskuko kailuko arazoak ahantzi dituela esan zuen berriz, eta jokatzen izugarri gozatzen ari dela. Ligaxka hasi aurretik inork gutxik hartu zituen kontuan bere aukerak. Orain, berriz, Titini irabazita, Xalak bera ere finalerdietan dagoela aldarrikatu du. «Nire helburua gutxienez partida bat irabaztea zen. Hori egin nahi nuen. Hor nagoela eta ligaxkako laugarrena ez naizela izango erakutsi nahi nuen. Lehen puntu honekin baliteke jendea, behingoz, ni ere finalean sartzeko gai naizela pentsatzen hastea».

Partida irabazita bere buruari jarri zion helburua bete du jada, baina hori lortuta gehiagoren gose da. «Pozik nago, finalerdietan punturen bat lortzea garrantzitsua baita, baina politagoa litzateke larunbatean beste ezuste bat emango banu». Xalak ondo daki bigarren puntua lortzea oso zaila izango dela. Bere iritziz, Ruiz sasoi ezin hobean dago, eta hari irabazteko lan eskerga egin beharko du defentsan. «Olaizolaren aurka nolako pilotaria den erakutsi zuen. Hark oso bortitz jokatzen du eta zaila da haren aurka aritzea. Nik lan ugari egin beharko dut piloteoari eusten, hala agintzera pasatu eta boleaz jokatu ahal izateko». Xalaren iritziz, ez berak ez Ruizek ez dute presiorik nabarituko, inork ez baitzituen faboritotzat jotzen. «Ni ez naiz urduri irtengo, eta Ruiz ere lasai ariko dela uste dut. Biok puntu bana lortu dugu eta horrek asko laguntzen du. Ni behintzat oso ondo nago, jokatzen gozatzen ari naiz eta bizirik daukat finalerako sailkatzeko ilusioa».

PATXI RUIZ (Asegarceko atzelaria)

«Olaizolari irabazteak asko esan nahi du, baina oinak lurrean ditut»

Patxi Ruizek irribarrea ezpainetan zuela erantzun zien atzo kazetarien galderei. Iragan larunbateko partida bultzada garrantzitsua izan da beretzat, baina ondo daki iragan astekoak hemendik aurrera ezer gutxi balio duela. «Ligaxkako lehen partidan Aimar Olaizolaren aurka irabazteak konfiantza handia ematen dizu; gauza handia da, baina nik oinak lurrean ditut. Partida on bakar batekin ezin zara puztu, puntu bat baino ez baita». Ruizen iritziz, Xalaren aurkako partida Olaizolaren aurkakoa bezain zaila da. Biak maila paretsuko pilotariak direla dio, eta jokoa ere antzekoa egiten dutela. «Larunbatekoa partida gogorra izango da. Berak Aimarrek egin zuenaren antzeko jokoa bilatuko du, luze sakatzea eta erremate bizkorra. Bere gantxoak eta boleak izugarriak dira, eta horiek baliatuz ni aurrean nahasten saiatuko da». Xalaren trebeziari aurre egiteko, Lizarrakoa iragan larunbateko joko bera egiten saiatuko da: luze eta gogor astindu. «Nik modu bakarrean baino ez dakit jokatzen, eta hori egiten saiatuko naiz erasoan. Abiadura eman, luze jo eta ahal bada saketik min apur bat egin. Defentsan, berriz, argi daukat asko korritu beharko dudala».

Aurten, baina, korritzea ez da arazoa Ruizentzat, eginiko lan fisikoari esker lau t’erdian hauspoz eta sasoiz oso ondo dagoela erakutsi baitu. «Aurten prestatzaile fisiko berri batekin ari naiz lanean, eta lan ona egiten dugu. Buruz burukorako lan fisiko ugari egin nuen, eta orain udaberriko entrenamenduen fruituak jasotzen ari naiz».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE