Eusko Basquek ligaxka sistema erabiliko du, bigarren urtez jarraian, Banakako Pala Txapelketako sailkatze fasean. Zortzi t’erdiko txapelketan eskailera ereduaren alde egin zuen, baina txapelketa nagusirako ligaxka berreskuratu du. Dena den, iazkoarekin alderatuta, aurtengo Banakako Txapelketak desberdintasun nabarmena izango du: sei pilotari ariko dira bakarrik. Atzo aurkeztu zuten txapelketa, Bilboko Deportivon. Iazko banakakoan Eusko Basquek zortzi pilotariko liga antolatu zuen. Izen eta partida anabasaren erruz, zaleei oso zaila egin zitzaien txapelketa jarraitu ahal izatea. Apurka-apurka Eusko Basqueren antolakuntza sistema berrituz doa, eta, iazko hankasartzeen jakitun, aurten berriztatu egin dute txapelketa. Ligaxkari eutsi diote, baina pilotari gutxiagoarekin. Txapelketa hobea izateko, antolatzaileak galbahea pasatu dio iazko pilotari sailari, eta asmatu dutela dirudi. Banakakoan egungo sei palista hoberenek jokatuko dute: Esteban Gaubeka iazko txapeldunak, Juan Rekalde iazko txapeldunordeak, Pablo Fustok , Manu Galanek, Luis Ziskar 2003ko txapeldunak eta Vladimir Lujan zortzi t’erdiko txapeldunak. Txapelketako lehen faseak hilabete iraungo du, azaroaren 17tik abenduaren 19ra arte. Sailkatze fasean sei pilotariek elkarren aurka jokatuko dute. Ligaxkako lehen bi sailkatuek finalerako txartela lortuko dute. Finala abenduaren 24an jokatzekoa da, baina baliteke eguna aldatzea, telebistaren beharren arabera. Partida guztiak Bilboko Deportivo pilotalekuan jokatuko dituzte. Lehen Mailako Txapelketarekin batera, Eusko Basquek Bigarren Mailako txapelketa aurkeztu zuen atzo. Bi multzotan banata, zazpi pilotarik jokatuko dute. Lehen multzoan Marin, Beldarrain eta Imanol ariko dira. Bigarrenean, berriz, Sebasek, Larrinagak, Zarragak eta Urkijok jokatuko dute. Multzo bakoitzean ligaxka jokatuko da, eta multzo bakoitzeko lehen sailkatuak pasatuko dira finalera.
Azken egunotan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Club Deportivori pilotalekua eraldatzeko eginiko eskaintza hizpide izan da. Atzoko aurkezpenean Ricardo Frelinek, Club Deportivoko presidenteak, Aldundiaren egitasmoaren inguruko azalpenak eman zituen: «Aldundiak bere egitasmoa aurkeztu digu, baina erabakia Club Deportivoko bazkideen esku dago. Erabaki hori hartzeko, bozketa egin beharko da bazkideen artean». Erabakia edozein dela ere, eraldatze egitasmoak luze joko luke, Eusko Basquek 2007ko ekainera arteko kontratua baitu Club Deportivorekin.