Gara
Ez zen ezusterik izan, eta Ibarrolak eta Ozafrainek, Donapeleuko Torneoa irabazteko faborito nagusiek, finala jokatzeko txartela atzo bertan lortu zuten, Etxeberri eta Ezkurra II.ari 40 eta 34 irabazita. 300 ikusle inguru batu ziren lehen finalerdia ikusteko.
Etxeberrik eta Ezkurrak aurrekanporaketa bat jokatu behar izan zuten pasa den astean, eta hura irabazita zetozen. Indar handiarekin kantxaratu ziren, galtzeko ezer ez baitzuten, eta irabazteko asko.
Ibarrola eta Ozafrainek bikote handia osatzen dute, eta atzo horixe erakutsi zuten. Ibarrola sasoi handian dago, eta bere ezker horrekin sekulako mina egiten du; atzo ere horixe egin zuen. Atzean, berriz, Ozafrain garaitu ezina da ia-ia. Aditu guztien ustez, gaur egun trinketeko pilotaririk onena da.
Atzo, ordea, aurrez aurre izan zuten bikoa bikain aritu zen. Norgehiagoka hastapenetik oso orekatua izan zen. Markagailuan ez zen alde handiegirik egon, baina azkenean faboritoek ez zuten hutsik egin. Azkeneko kintzetara freskoago iritsi ziren, eta une hori aprobetxatu zuten azkeneko ahalegina egin eta finalerako txartela lortzeko. Amaieran, zaleek txalo artean agurtu zituzten pilotariak, laurak oso maila onean aritu baitziren.
Beste finalerdia
Ibarrolak eta Ozafrainek datorren astera bitarte itxaron beharko dute finalean zein izango dituzten jakiteko; izan ere, datorren igandean neurtuko baitira Muskarditz-Etxeto eta Larretxea-JeanClaude Dermit. Irabazlea izango da finalean. Hemen, gainera, aspaldiko partez, berriro Rene Muskarditz ikusi ahal izango dugu.