Amore eman du

Ruizek aurkako 16-8koa irauli eta Olaizola II.ari hartu du mendean Lau t’erdikoko finalerdietan

IMANOL MAGRO / Berria

Ikuskizun izugarria. Azken urteetan lau t’erdiko txapelketan ikusitako partidarik onena jokatu zuten Aimar Olaizolak eta Patxi Ruizek Iruñean, Labriten. Lizarrako atzelariak amore ematera behartu zuen txapelduna. Luze jokatuz eta lehor astinduz, Ruizek bere hautagaitza aurkeztu zuen aurtengo lau t’erdiko txapela irabazteko. Jokoa ez ezik adorea ere sobran duela erakutsi zuen. Aurkako 16-8koa irauli ondoren, Olaizola ezinean eduki zuen, eta markagailuan 21nakoa ageri zenean, zabalera botariko dejada batekin erabaki zuen. Zoragarria balentria, eta zoragarria partida. Zaleek ez dute atzokoa berehalakoan ahaztuko, eta nork jakin finalean bien arteko kitatze partida ikusiko dugun.

Bi pilotariek joko izugarria egin zuten. Bi joko estilo elkarren aurka, nor baino nor gehiago. Ruizek luze jokatu zuen; oso gogor astinduz, kaiolan deseroso jokatzera behartu zuen Olaizola. Txapelduna, berriz, aurreko koadroetan ezkutatu zen. Tantoak nahasiz, Ruizen gerria behartu zuen. Azken txanpan, bere burua arriskatu beharrean ikusi zuen, eta nekearen zama garesti ordaindu zuen. Txapelduna ez da garaiezina, baina Olaizola mendean hartzeko asko eta ondo jokatu behar da. Sufritzen jakitea beharrezkoa da Olaizolari sufriarazteko. Hemendik aurrera txapelduna lehoi eria da, eta ligaxka luzea. Litekeena da atzokoa ez izatea txapelketa honetan Olaizolak eta Ruizek elkarren aurka jokatzen duten azken aldia; hori da, behintzat, zale gehienen ustea.

Ruizek burua hotz

Maila handiko partida izan zen, goitik behera. Puntako jokoa egin zuten, hasi eta buka. Olaizolak hobeto hasi zuen partida. Ondo sakatuz, piloteoko agintea bere egin zuen (5-0). Sakea berreskuratu zuenean, Ruizek ere ondo sakatzen badakiela erakutsi zuen, eta gogor astinduz Olaizola frontisetik aldendu zuen. Lehen zatian, bakoitzak bere jokoa egitea lortu zuen, hutsik gabe, eta markagailuan oreka ageri zen (10-8).

Partida luzatzen ari zela ikusita, Olaizolak airez jokatzea erabaki zuen. Sake onek erresto behartuak eragin zituzten, eta erremateek txapeldunaren aldea handitu zuten (16-8). Ordura arte bizi zen harmaila, baina orduan guztiz isildu zen, inor gutxik sinesten zuen Ruizen balentrian. Lizarrakoak, baina, ez zuen amore eman, eta lan iluna egiteari ekin zion. Tanto nahasi batean pilota ondo ireki zuen zabalera, eta sakea bere egin zuen.

Saketik, Ruiz agintzen hasi zen. Luze joz, Olaizola seigarren koadroan iltzatu zuen; deseroso jokatzen duen tokian, hain zuzen. Ruiz tantoa bukatu ezinik zebilen, eta piloteo luzeak bilatu zuen. Tanto luzeak, landuak, Olaizolaren ezina bilatzeko. Apurka-apurka, mantso-mantso, partida orekatu zuen (16-15). Ruizek saketik eginiko falta batek arnasa bueltatu zion Olaizolari, baina ez zuen gelditu Lizarrakoaren erritmoa (17-17). Azken txanpan, Olaizola jota zegoen, eta Ruizek aurrea hartu zuen (18-20). Tanto horretan, baina, Olaizolak pareta jo zuen buruarekin, eta partida eten egin zen. Etenaldiak arnasa hartzeko parada eman zion Olaizolari, eta Ruiz urduritu egin zen.

Kirioek ez zuten gupidarik izan Ruizekin, eta bi huts egin zituen jarraian. Txapara joaniko pilotak eta pasatik eginiko falta oreka bueltarazi zuten partidara (20-20). Saketik aginduz, Olaizolak tanto nahasi bat baliatu zuen aurretik jartzeko (21-20). Goizuetakoa, baina, hezur-haragizkoa da, eta, nerbioen erruz, saketik eginiko falta oparitu zion Ruizi (21-21). Azken sakea zaleen oihuen artean egin zuen. Hondar tantorako estrategia aldatu zuen, eta hirugarren pilotakadan dejada bota zuen zabalera. Olaizola iritsi egin zen, baina behera bota zuen pilota. Ruizek besoak altxatu eta txalo eta oihuen artean ospatu zuen garaipena. Esandakoa: partida izugarria atzo Labritekoa.

Xala Titinen aurka, gaur, Bergaran (17:00, ETB1)

Titinek eta Xalak Lau t’erdiko txapelketako finalerdietako lehen jardunaldiko bigarren partida jokatuko dute gaur, Bergaran (17:00, ETB1). Gaurkoa, lau t’erdian elkarren aurka jokatzen dute lehenbiziko aldia izango da. Partida irabazten duenak Patxi Ruizen aurka jokatuko du heldu den asteburuan.

OLAIZOLA II.A 21

RUIZ 22

Iraupena: 77 minutu.

Pilotakadak: 426.

Saketik: Olaizolak 4 eta falta bat; Ruizek 6 eta falta bat.

Markagailua: 5-0, 5-3, 6-3, 6-5, 7-5, 7-6, 10-6, 10-8, 16-8, 16-15, 17-15, 17-17, 17-18, 17-19, 18-19, 18-20, 20-20, 21-20, 21-21 eta 21-22.

Pasak: Olaizolak 2; Ruizek 1.

Bestelakoak: Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako partida. Iruñeko Labrit pilotalekua goraino bete zen. Apustuetako dirua Olaizolaren alde irten zen 100-30i. 20-18 galtzen zihoala Olaizolak kolpea hartu zuen buruan ezker paretaren aurka. Kolpearen ondorioz partidak ia hamar minutuko etenaldia izan zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE