Berezkoak (Baigorriko Torneoa)
Gara
Ibarrolak eta Jean Claude Dermitek lortu zuten atzo BaigorrikoHerriarena Tornekoko finala jokatzeko txartela, bigarren finalerdian Ezkurra anaiei 50-41 irabazi ostean. Sorhuet zen Paxkal Ezkurrarekin aritzekoa, baina min hartuta zegoen, eta bere ordez Patrick Ezkurrak jokatu zuen.
Bigarren finalerdi horrek ia bi oren iraun zituen, bost minutu besterik ez baitziren geratzen bi orenera iristeko norgehiagoka amaitu zenean. 300 ikusle inguru izan ziren harmailetan.
Partidaren gakoa boteetan egon zen, hasierako jokaldiari esker Ibarrolak hamabi kintze egin baitzituen, eta lau Ezkurra I.ak. Alde handi samarra, eta amaieran garrantzi handia izan zuen horrek, partidaren gakoa hor egon baitzen.
Lau pilotariek norgehiagoka oso ona jokatu zuten, baina irabazleek zortzi kintzeko abantaila lortu zuten hogeigarren kintzerako, eta hortik aurrera horri eustera joan ziren. Ezkurra anaiek markagailuan gerturatzea lortzen zuten, baina beti hiru edo lau tantora hurbiltzen ziren unean, berriro ere ihes egiten zuen gero garaipena lortu zuen bikoak, eta amaieran bederatzi kintzeko aldea lortu zuten beren alde.
Beraz, datorren igandean, 17.30ean hasita, finala jokatuko dute, eta han Ibarrola eta Jean Claude Dermit Larretxea eta Rene Dermiten aurka neurtuko dira. Beraz, Dermit lehengusuen arteko partida izango da.
Bestalde, atzo jokatu zuten Irekiko finalerdia ere, eta bertan Idiartek eta Dukasuk 40 eta 15 irabazi zioten Duhau eta Arbeletxeri. Datorren igandean finala jokatuko dute 16.30etik aurrera. Norgehiagoka horretan, Bonebeltxe-Biscouby izango dituzte aurrez aurre.