Botiboleari esker

Bannercurso_1
Patxi Ruizek kostata irabazi dio Eugiri, eta Ruben Belokiren aurka jokatuko du Lau t’erdiko Txapelketako final-laurdenetan

IMANOL MAGRO / Berria

Patxi Ruizek lau t’erdian erabiltzen duen botibolea bitxia hizpide izan da azken egunotan. Askok kolpe berri bat asmatu duela diote, betiko botibolearen eta besagaineko kolpearen artekoa. Beste zale askori, atzo Labriten elkartu zirenei adibidez, kolpe itsusia iruditzen zaie. Bortitza izanagatik bideratzen zaila dela diote, baldarren errekutsoa alegia. Lizarrakoak, baina, ez die kasurik egiten aldeko edo kontrako iritziei, eta, duela hamabost egun Del Reyren aurka egin bezala, atzo partida maldan gora jarri zitzaionean berriz ere botibolea erabili zuen. Erasoan zein defentsan fruitu onak eman zizkion, Eugi apaldu eta partidako azken txanpan berak agindu zuelako. Halere, hori ez da nahikoa izango heldu den astean Belokiri irabazteko. Huts gutxiago egin ezean, Ruizek oso zail izango du ligaxkara iristea.

Labriten bildu ziren zaleek partida polita ikusi zuten atzo. Lau koadro eta erdian jokaturiko buruz buruko txapelketako partida ikusi zuten. Biek lege zaharrean jokatu zuten, pilota botera astinduz eta gurutzatuz. Eugik ez zuen ondo jokatu. Defentsan langile saiatua dela erakutsi zuen; erasoko jokoan, ordea, ez zuen eskuinez gozatu. Ruizek, ostera, askoz gogorrago astindu zuen, baina baita huts pila egin ere. Eugiren lehen bost tantoak Lizarrakoaren opariak izan ziren, eta hauspoa ahitu zitzaionean lau pasa egin zituen.

Sakea, erabakigarria

Ruizek eta Eugik oso urduri ekin zioten partidari. Lehen tantoak oso laburra izan ziren, eta biek huts mordoa egin zuten (8-8). Giharrak berotu zituenean, Ruiz sakea fintzen hasi zen. Oso luze, bortitz eta ondo baztertuta. Saketik zuzenean egindako tantoekin eta piloteoan nagusituz lorturikoarekin tartetxoa ireki zuen (10-14). Lizarrakoak tanto ugari lortu zituen pilota paretara baztertuz. Eugiren gerria ez da duela hamar urtekoa, eta Agoizkoak asko sufritzen du makurtu behar duenean.

Gazte denboretako gerria ez badu ere, Eugik ez du hausporik galdu. Ruizek zabalera botariko pilota bati esker, Agoizkoak sakea berreskuratu zuen. Sakearekin minik egin ez arren, tantoak luzatzea lortu zuen. Eta, tantoak luzatuta, Ruizen hutsak eragin zituen. Hutsek Eugi suspertu zuten, eta aurrea hartu zuen (16-14).

Partida okertu zenean, Ruiz botibolea erabiltzen hasi zen. Kolpe bortitzari esker, defentsan itota zebilena agintzen hasi zen. Azken txanpan Lizarrakoak ondo sakatu zuen, eta ez zion oparirik egin Eugiri. Botiboleari esker nahierara agindu eta mugitu zuen pilota. Agoizkoa, ezinean, luze jokatzen saiatu zen, baina ez zuen deus ere lortu. Ruizek erraz jokatuz erabaki zuen partida, piloteoan nagusituz eta tantoa bukatuz. Hori bai botiboleari esker nagusitzea.

EUGI 19

RUIZ 22

Iraupena: 56 minutu.

Pilotakadak: 301.

Saketik: Eugik 3; Ruizek 6.

Markagailua: 0-2, 2-2, 3-2, 3-3, 3-5, 5-5, 6-6, 8-7, 8-8, 9-11, 9-12, 10-12, 10-14, 14-14, 16-14, 16-16, 16-19, 17-19, 17-20, 17-21, 19-21 eta 19-22.

Bestelakoak: Lau t’erdiko Txapelketako final-zortzirenetako partida. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailek itxura ona eduki zuten. Patxi Eugik Jose Miguel Leatxe izan zuen botillero, eta Patxi Ruizek Jesus Ruiz, neba nagusia. Apustuetako dirua doblean irten zen Ruizen alde.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE