Ruizek eta Del Reyk Lau t’erdiko Txapelketako lehenbiziko partida jokatuko dute gaur (22:30, ETB1)
IMANOL MAGRO / Berria
Lau t’erdiko Txapelketa gaur gauean hasiko da, Asteasuko udal pilotalekuan (22:30, ETB1). Patxi Ruiz eta Alberto Del Rey izango dira kaiolako atea irekitzeko arduradunak. Lizarrakoak eta errioxarrak final-hamaseirenetako lehenbiziko partida jokatuko dute. Gaurko irabazleak Patxi Eugi eta Ekaitz Saralegiren arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko du bigarren fasean.
Alberto Del Rey eta Patxi Ruiz pilotari ezin desberdinagoak dira, baina lau t’erdian bien arteko desoreka ez da hainbeste nabarituko. Fisikoki zein teknikoki bakoitzak bere bertuteak ditu, baina biek izugarri gustuko dute lau t’erdian aritzea. Biek publikoki aitortu dute kaiola barnean gozatu egiten dutela, eta ilusioz ekingo diote txapelketari. Ez Ruizek, ez Del reyk ez dute txapelketa taxuz prestatzeko betarik izan. Biek partida dezente eduki zituzten sanmateoetan, eta hamar egun pasatxo izan dituzte egokitzeko. Ruizek hilabete eta erdi egin zuen jokatu gabe udan, eskuko mina zela eta. Irailean sendabidea bukatzear zuela esan zion Berriari, eta gaur sasoiko egongo da. Lizarrakoak ez du inoiz ezer handirik egin lau t’ediko txapelketa nagusian. Nafarroakoan, baina, txapela jantzitakoa da. Iazko uztailean lau t’erdian nola irabazten den ondo dakiela erakutsi zuen. Aurrean, Alberto Del Rey izango du. Naxerakoak lehenbizikoz jokatuko du aurten lau t’erdikoa. Sanmateoetan bi partida jokatu zituen lau t’erdian, eta bietan erdipurdi aritu zen. Lehenbizikoan, binaka, ez zuen aurkitu bere tokia. Bigarrenean, Saralegiren aurka, itxura txarra eman eta jipoia jaso zuen (18-5).
Litekeena da gaur apustuetako dirua Ruizen alde irtetea. Lizarrakoa luze jokatzen saiatuko da, Del Rey frontisetik aldentzeko. Naxerakoak, berriz, piloteo biziak eta errematea bilatuko ditu. Kontrarioa bere joko estilora behartzen duenak partida erdia irabazita edukiko du.
Saralegiren «saria» Patxi Eugik eta Ekaitz Saralegik atzo aukeratu zituzten, Bergaran, igandeko partidarako pilotak. Bi pilotariak konforme gelditu ziren saskian aurkitutako pilotekin. Eugik larrua bueltaturiko bi pilota astun aukeratu zituen, 104,6 eta 106,3 gramokoak. Saralegik pilota arinagoak nahiago izan zituen, 104,6 eta 105, 2 gramokoak.
Amezketakoak lehenbiziko aldiz jokatuko du lau t’erdiko txapelketa. Bere iritziz, bera hautatu izana saria izan da eta jaso duen aukera aprobetxatzeko asmoz dago. Saralegik Eugi oso aurkari gogorra dela nabarmendu zuen, eta Agoizkoak jaso dituen kritikak akuilu izango direla. «Eugi txapeldun handia da, eta kritikek amorrua emango zioten. Igandean ni txikitzera irtengo da, eta ni hori eragozten saiatuko naiz». Eugik, berriz, Saralegi oso ondo dagoela azpimarratu zuen.