Olaizola II.ak eta Otxandorenak 17-1eko batez bestekoarekin hasi dute partida, eta arazorik gabe hartu dituzte mendean Xala eta Apeztegia
IMANOL MAGRO / Berria
Atzoko Sanmateoetako Torneoko partidan aurreikuspen okerrenak bete ziren. Logroñoko torneoko hirugarren partida aurrekoen ildo beretik joan zen: ikuskizun eta joko gutxi. Kantxa gainean ez zen kolorerik egon. Hobe esanda, kolore bakarra egon zen, Olaizola eta Otxandorenaren gerrikoen gorria. Asegarceko bikoteak arazorik gabe hartu zituen mendean Xala eta Apeztegia, eta biharko Olaizola I.a eta Belokiren aurkako partidan erabakiko zein izango den torneoko lehen bikote finalista.
Xalak eta Apeztegiak erronka zaila zuten atzo, eta balentria lortzetik oso urrun gelditu ziren. Olaizolak eta Otxandorenak, ostera, torneoa irabazteko euren faborito izaera berretsi zuten. Partida hasi bezain laster hautsi zen, eta lehen tantoa urdinek egin zuten arren, artekariak berehala isildu ziren. Izan ere, Olaizolak eta Otxandorenak errenkadan eginiko hamazazpi tantorekin ekin zioten partidari (17-1). Olaizolak erakustaldia eman zuen aurreko koadroetan, eta hamaika tanto egin zituen. Goizuetarrak Xalaren sasoi txarra ezin hobe baliatu zuen partida nahierara gidatzeko. Atzeko koadroetan, halaber, Otxandorena Unai Apeztegia baino gehiago izan zen. Aurre aldeko desorekak eman zion lasaitasunarekin Mugairekoa ezin erosoago aritu zen. San Ferminetako irabazleek feria osoan atzoko joko mailari eusten badiote, litekeena torneoak enpresek nahiko luketen baino emozio gutxiago izatea.
Adarragako kutunak gaur ekingo dio torneoari Aurreko egunetan Adarragako harmailak ez dira bete. Gaurko, ordea, sarrera guztiak salduta daude. Ez da harritzekoa, Titinek jokatzen baitu, Adarragako zaleen begiko ninia. Triziokoak ez du inoiz hutsik egin San Mateoetan, eta beti ematen du bere onena herkideen aurrean. Gaurko partidan Titinek Fernando Goñi izango du bikotekide, eta Leiza eta Ruizen aurka ariko dira (19:00, ETB1).
Aspeko bikotea da faboritoa. Titinek eta Goñik oso ondo ezagutzen dute elkar, eta batera jokatuz San Mateotako torneoa irabazitakoak dira (1999). Aurrean Iñigo Leiza eta Patxi Ruiz izango dituzte. Lizarrako atzelaria sasoiko dago, eta iragan asteleheneko partidan berak agindu zuen. Leizak, baina, ez zuen atzelariaren agintea baliatu, eta gaur Titinen aurka irabazteko herenegun baino ausardia gehiago erakutsi beharko du. Apeztegiak aurtengo udako lehen torneoa jokatuko du Logroñon. Aurreko torneoetan Aspeko koadroko laugarren atzelariaren tokia Eulatek bete badu ere, oraingoan enpresak Apeztegiari eman dio jokatzeko beta. Iturengoa ez da batere erregular ibili uda honetan, eta gaur bere ahala erakusteko aukera izango du.Aukera pozoitua jaso du baina, aurrean bikote oso gogorra izango baitu. Olaizola II.a udako pilotari onena izan da, eta Otxandorenaren eskuek piloteoari eusten badiote torneoa irabazteko faborito nagusiak dira. Aurten Sanferminetako torneoa irabazi zuten.
OLAIZOLA-OTXANDO. 22
XALA-APEZTEGIA 7
Iraupena: Partidarena 47 minutu
Pilotakadak: 470.
Saketik: Olaizolak 5; Leizak bat ere ez.
Markagailua: 0-1, 17-1, 17-7, 22-7
Bestelakoa: Binakako San Mateoetako Torneoko partida. Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailak ez ziren guztiz bete. Apustuetako dirua nabarmen irten zen gorrien alde.