Gara
Casino Kursaal Torneoa irabazi zuen orain aste bi Koteto Ezkurrak. Finalera iristeko dezente sufritu behar izan zuen, baina partida garrantzitsuenean Lizaso mendean hartu eta bederatzigarren aldiz bereganatu zuen erremonteko Buruz Burukoa. Doneztebekoak dena irabazi du kirol horretan.
Orain aste bi lortu zenuen bederatzigarren txapela Buruz Burukoan. Marka latza.
Oso gustura nago, baina oraindik asimilatzen ari naiz. Uda gogorra izan da, eta hainbeste lan egin eta gero aste honetan atseden hartu dut.
Txapela guztietatik zeinek egin dizu ilusio handien?
Txapelketa guztiek egiten dute ilusioa, ezingo nuke bat esan. Orain Binakakoa hasiko da, eta ea zer edo zer egiterik dudan eta beste txapel bat janzterik daukadan.
Txapelketa bereganatzeko faboritoa zinen, baina finalerako txartela kostata lortu zenuen finalerdian Zeberio II.aren aurka 35-33 nagusituta.
Bai, azkenean bai. Nire lehen partida zen; bera neurketa batzuk jokatuta iritsi zen, jokoarekin eta moralarekin. Larri ibili nintzen, baina azkenean finalera sartu nintzen, eta finala beste mundu bat da.
Bertan, Lizasok duen armarik preziatuenarekin hartu zenuen mendean. Izan ere, sakean egon zen finalaren gakoa, ez da hala?
Nahiko parekatuta joan ginen, baina bi zati egon ziren sakearekin: partidaren erdian eta amaieran. Horrek eman zidan garaipena.
Jende askoren ustez, iazko finala aurtengoa baino askoz hobea izan zen. Dena den, aurten ere lehia estua izan da. Zer iritzi duzu zuk?
Joan den urteko finala oso arraroa izan zen. Normalean, banakako txapelketako final batean sakearekin asmatuz gero, iazko finalaren antzekoa ezin daiteke gertatu.
Nola ospatu zenuen larunbatean lortutako garaipena?
Finalaren hurrengo egunean familia eta lagun talde bat batu ginen Legasako ermitan. Urtero egin ohi dugu han erromeria bat. Egun guztia pasatu genuen jai-giroan.
Arraroa egiten ote da zure herriko lagun bati finalean nagusitzea?
Ez, niri arraroa ez zait egiten. Dagoeneko ohituta gaude, eta gauza normala da. Kanpoko jendeak arraroa egiten zaigula pentsatzen du, baina pilotalekuan aurkariak gara eta elkarren aurka jokatzeko gaude.
Lizaso eta zu beste pilotariengandik maila bat gorago zaudetela dirudi.
Buruz Buru hor gabiltza, eta bikoteka ere erreferentzia gara; ni aurrean eta bera atzean. Zeberio II.a eta Eizagirre hor daude, baina agian gu pixka bat gorago gaude.
Erremontista ugari dago Donezteben. Zer du, bada?
Nik uste kasualitatea dela. Laxoatik gatoz gehienok, eta jendea animatu egiten da. Beste toki batzuetan baino gehiago jokatzen da Donezteben.
Erremontearen garai beltza atzean geratu dela dirudi, eta gaur egun sasoi onean dago. Nolako etorkizuna ikusten diozu?
Memento txarra pasatu zuen, baina nik beti esaten dut denborak dena sendatzen duela. Orain ondo dagoela iruditzen zait. Ni pozik nago, eta aurrera jarraitu behar dugu.
Urteak aurrera doaz, baina zuk maila handian jarraitzen duzu. Noiz arte ikusiko zaitugu pilotalekuetan?
Oraindik gaztea naiz eta ez dut arazorik lesioekin. Urte asko ditut oraindik erremontean segitzeko. 32 urte ditut, eta ondo nagoen bitartean jarraituko dut jokatzen.
Gazteak indartsu datoz atzetik. Nor ikusten duzu urte batzuk barru zurekin lehian?
Estelarretan hor ibiltzen garenak: Zeberio, Lizaso, Altuna… Denok adin berekoak gara. Orain Urrutia ateratzen ari da, baina ikusi beharko da. Uste dut etorkizun handia duen pilotaria dela. –