Eskuin eskuko zuntzean zuen mina sendatu ezinda ibili da azken hiru hilabeteetan
IMANOL MAGRO / Berria
Langile gehienentzat, udako hilabeteak aisia eta atsedenerako garaia izaten dira. Pilotariek, ordea, uztail eta abuztu aldean izaten dute lan karga gehien. Izar handiek hamar partidatik gora jokatzen dituzte hilero, EPELen torneoak herrietako jaialdiekin tartekatuz. Patxi Ruiz partida sorta ederra izaten duten pilotari horietako da, eta aurten buruz burukoan hirugarren izan ondoren ez zitzaizkion plaza handirik faltako. Aurten, ordea, eta Ruizek inoiz baino aisia denbora gehiago izan duen arren, Lizarrakoak udarik garratzena bizi izan du. «Udan ez dut batere gozatu, opor behartuak izan ditut, eta zinez diot jokatu ahal izatea nahiago nuela».
Udaberrian, Lizarrakoak eskuko minez ekin zion buruz buruko txapelketari. Txapelketa luzatu ahala eskuak okerrera egin zion, eta finalerdietan ez jokatzeko zorian egon zen. Eskuin eskuko tendoi bat guztiz handitu zitzaion, eta atsedenik ezin emateak gaitza larritu zuen. «Buruz burukoari minez ekin nion, eta banaka entrenatu eta jokatzearen beharrarekin okerrera egin zuen. Min asko ematen zidan eta izugarri kostatu zait sendatzea. Orain,zortez, gutxika-gutxika hobera doa». Minaren erruz Ruizek ez zuen San Ferminetan jokatzerik izan. Gero, uztailean eta abuztuko lehen hiru asteetan Andra Mari Zuriko eta Donostiako Torneoak jokatu zituen bakarrik. Hiru partida baino ez berrogeita hamar egunetan, kopuru eskasegia banakako txapeldun ohiarentzat. «Ni udan partida asko jokatzera ohituta nago eta etxean gaizki pasatu dut, ez da batere gozoa kideak telebistaz ikusi behar izatea».
San Mateo Jaiak eta lau t’erdikoa, hurrena Uztaila eta abuztua oso gogorrak izan badira, irailean Ruizek irribarrea berreskuratu du. Azken hiru asteetan partida ugari jokatu ditu, eta gehienetan maila ona eman du. Bi hilabeteko luzeko masaje eta elektrosoinu tratamenduak bere fruituak eman ditu, eta Lizarrakoa pozik dago lorturikoarekin. «Gaur egun astean behin baino ez noa masajistarengana. Minak hobera egin du eta irailean zortzi partida jokatu ahal izan ditut».
Hobekuntzaren seinale, Asegarcek Ruiz hautatu du etzi hasiko den San Mateotako Torneorako. Hasiera batean Oinatz Bengoetxearekin batera aritzekoa zen, baina Leitzakoak, min hartuta, uko egin behar izan dio txapelketari. Bere lekua Iñigo Leizak beteko du. Ruizek Oinatz joko bolada gozoan zegoela onartzen du, baina Leiza ere kontuan hartu beharreko aurrelaria dela iritzi du. «Iñigo grina handiko pilotaria da, uda honetan jada erakutsi du handiekin batera jokatzeko gai dela». Logroñoko torneoko ligaxkan, Leizak eta Ruizek Titin-Goñi III.a eta Irujo-Lasa III.a izango dituzte aurrean, aurkari gogorrek atzelaria motibatzen dute. «Bikote gogorrak dira, baina egokitzen denaren aurka jokatu beharra dago, izenari begiratu gabe».Sanmateoez gain, Lau t’erdiko Txapelketa ere ate joka dago. Ruiz atzelaria den arren oso gustura aritzen da lau t’erdian, eta iaz Nafarroako Txapelketa irabazi zuen. «Logroñoko torneoa aurretik dagoen arren, eta urrundik bada ere, lau t’erdira begiratzen hasia naiz. Txapelketa nagusian inoiz ez dut ezer handirik egin, baina oso gustuko dut lau t’erdian jokatzea». Bere esanen adibide azken egunetako lan saioak izan dira, lizartarra kaiola barruko jarduna prestatzen hasia baita. «Lau t’erdirako lan fisiko berezitua hasi dugu jada, frontoiko lan saioak astebete barru hasiko ditut, Sanmateoen ondoren».